Hezkuntza Departamentua lekualdatze lehiaketa erabiltzen ari da IIP-PAI plazak hornitzeko, aberrazio pedagogikoa den programa honi jarraipena emanez

2019/11/04
Lehiaketan atera diren 997 plazen artean 328 dira IIP-PAI programarako. Ehunka funtzionario desplazatuak izan dira hizkuntza titulua ez izategatik, eta titulua duten askok ez dute lanpostu horietan lan egin nahi programak sortzen dituen arazoengatik.

2019/2020ko lekualdatze lehiaketan eskaintzen diren lanpostuen herena Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programetarako da. Gogorarazi behar dugu programa hauek Estatuan geroz eta gaitzetsiagoak direla ikasle zein irakasleei eragiten dizkieten kalteengatik. Gainera, ez dira eredu bat (A,G edo D bezalakoak) gure hezkuntza sisteman eta, gaur egun, ilegala da funtzio publikoko sarbiderako atzerriko hizkuntzako titulua eskatzea. Bakarrik, logikoa denez, hizkuntza irakasle espezialista izateko eskatu ahal da. 

Hau gutxi balitz, Departamentua IIP-PAI plazak sortzen ari da iruzurra eginez. Ikasgai batean irakastorduen 2/3 atzerriko hizkuntzan ematea nahikoa da plaza hori PAI bihurtzeko. Aldi berean, espezialitate bereko lanpostu “arruntak” (atzerriko hizkuntza behikularra erabiltzen ez dutenak) gutxitzen ari dira bertan dauden funtzionarioak desplazatuz. Beraz, lehentasunezko tratamendua ematen zaie programa hauei hezkuntza kalitatea kaltetuz, bai zentroetan (interinitate eta errotazio altuagoa), bai langileen baldintzetan (karga lektiborik gabe gelditzen dira eta IIP-PAI ez duten zentroetara mugitzera behartuta daude). Honez gain, PAI plaza hauek tapoi itzela sortu dute; ezin dira EPEan atera eta langileek ez dituzte plaza horiek hartu nahi zentroetan dagoen kaosagatik. Azken batean, plaza gehienak interinoekin betetzen dira urtez urte, honek dakartzan ondorioekin.

 Bestalde, 160 funtzionario behin-betiko destinorik gabe daude oraindik. Horietatik, 39 irakasle 8 urtez baino luzeagoz egon dira destinoaren zain, eta departamentuak ez die konponbiderik ematen. Batzuk, gainera, beste erkidego batera mugitu nahi dute eta ezinean dabiltza destino definitiboa ematen zaien arte. 

ELAk Gobernuari eskatzen dio Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programak bertan behera uzteko urratsak eman ditzan eta destino definitiboa ez duten funtzinarioei konponbide bat eskaini diezaien behingoz.