Nafarroako Gobernuak FFP2 maskarak emango dizkie Haur Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko irakasleei ELAren erreklamazioari esker

2021/03/16
Ezarritako babesa nahikoa ez zela eta, ELAk NOPLOIren esku-hartzea eskatu ondoren, Hezkuntza Sailak kolektibo horietako irakasleek maskarak erabiltzeko irizpideak berrikusi behar izan ditu.

Nafarroako Gobernuak FFP2 maskarak eman beharko dizkie Haur Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko irakasleei  ELAren erreklamazioari esker. 2020-2021 ikasturtean aurrez aurreko hezkuntza-jarduera berriz hasi zenean, Hezkuntza Sailak entzungor egin zion ELAk eta beste erakunde batzuek irakasleentzat eta ikasleentzat segurtasun- eta osasun-baldintzetan ikasturte hasiera negoziatzeko eta adosteko egindako erreklamazioari. Hau horrela, irailaren 7tik urriaren amaierara, 3.810 ikasle eta 376 irakasle, haurretatik batxilergora, koronabirus bidez kutsatu ziren, guztizkoaren % 3,6a eta %3,2a, hurrenez hurren.

Aldi horretan, ELAk behin eta berriz ohartarazi zion Segurtasun eta Osasun Batzordeari irakasleentzat ezarritako babes-neurriak ez zirela nahikoak. Ildo horretan, COVID-19aren aurkako prebentzio-neurrien protokoloak ezartzen zuen, oro har, maskara higienikoa erabiltzea irakasleentzat, bai eta IIR maskara kirurgikoa erabiltzea ere Haur Hezkuntzako irakasleentzat eta premia bereziak dituzten ikasleei arreta ematen dieten langileentzat. Horrela, ikasle horiek maskara erabiltzearen ez duttela kontuan hartuta, 2020ko urrian ELAk NOPLOIren laneko arriskuen prebentzioko atalari eskatu zion txostena egin zezala talde horietako irakasleek FFP2 motako arnasketa-babesa erabiltzeko beharrari buruz.

Hainbat hilabetez erantzunik jaso gabe egon ondoren, ELAk jakin du Hezkuntza Sailak irizpide horiek berrikusi behar izan dituela prebentzio-zerbitzuak eta NOPLOIk berak eskatuta, eta FFP2 arnasketa-babesa ezarri duela Haur Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko irakasleentzat, eta IIR maskara kirurgikoak gainerako irakasleentzat.

Sindikatuak modu positiboan baloratu du zuzenketa, berandu iritsi den arren. Honek agerian utzi du beste behin ere, Nafarroako Gobernuak langileen osasunaren aurrean arrazoi ekonomikoak lehenesten dituela. Hori dela eta, ELAk Hezkuntza Sailari eskatzen dio erantzukizuna bere gain har dezala, eta ordezkaritza sindikalarekin adostu ditzala hezkuntza-komunitatearentzako segurtasun eta osasun neurriak, talde ahulenak babesteko. Horretaz gain neurri horiei buruzko informazioa, gardentasuna eta plangintza bermatzeko beharra azpimarratzen du.