Hezkuntza nahieran eta segregatzailea Nafarroan; diru publikoarekin

Matrikulazio aldian, Nafarroan bizi diren eta 3 urteko haurrak dituzten familiek urtero aurre egin behar diote erabaki zail bati; beren umeak zein ikastetxetan eta zein eredutan eskolatuko ote dituzten. Beste estatu batzuetan hain erraza izango litzatekeen zerbait; izan ere, horietan ia familia guztiek bizi diren auzoetako ikastetxe publikoetan eskolatzen dituzte eta ez dute hainbeste eredu edo sare bereizirik. Nafarroan ordea, askoz konplikatuagoa da.
Alde batetik, hizkuntza-eredua aukeratu behar da: G (gaztelaniaz euskararik gabe), A (gaztelaniaz euskararekin ikasgai gisa), B (gaztelaniaz eta euskaraz) eta D (euskaraz gaztelaniarekin ikasgai gisa). Horietan guztietan ingelesa ikasten da, astean 4 edo 5 saio, baina azken urteetan UPN-PSNko gobernu eta udalek atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak infiltratu egin zituzten. Klaustro eta adituen iritzia kontuan hartu gabe, hizkuntza propioak dituzten eredu horietan atzerriko bitarteko hizkuntza txertatu zuten, ingelesez (IIP-PAI). Betidanik hizkuntza propioetan irakasten ziren oinarrizko ikasgaiak (matematika, natur zientziak, gizarte zientziak …) emaitza onak lortuz, egun batetik bestera ingelesak inbaditu zituen dena hankaz gora jarriz . Hori Europan ez da inola ere egiten, ingelesa ofiziala den lekuetan izan ezik (Irlanda, Malta, Gibraltar). Gainera, Nafarroan familiek ezin dute aukeratu kasu askotan, 50 herritan eta 100 ikastetxetan baino gehiagotan IIP-PAI aukera posible bakarra baita. Hauekin hortaz, beste 3 "aukera" linguistiko gehitzen ditugu: G-PAI, A-PAI eta D-PAI. 7 ditugu osotara.
Titulartasunari dagokionez, 3 aukera ditugu: publikoa (% 64), pribatu-itundua (% 36) eta pribatua (2 zentro bakarrik). Pribatu-itundua diru publikoarekin finantzatuta dago, beraz, Nafarroako Gobernuak erabiltzen duen azpikontrata da, batez ere irizpide ekonomizistei jarraitzen dielako bere hezkuntza-politikak gauzatzeko orduan (Europako azkenen artean inbertsioan). Hori, jakina, ikastetxe horietako langileen lan-baldintzak okertzearen kontura egiten da (lan-karga handiagoa, ratio altuagoak, soldata baxuagoak…), eta langileen kontratazioan kontrolik eta gardentasunik eza.
Sare pribatu-itunduaren barruan ere aukera desberdinak ditugu titulartasunaren arabera; beraz, familiek 3 aukera dituzte: kooperatibak (familienak edo irakasleenak), erlijio katolikoko zentroak edo Opus Deikoak. Opus-ek dituen bi ikastetxeetan, El Redín-Miravalles (bere maila gorenerako), eta Irabia-Izaga (auzoko ikasleentzat), beren familietan nahastuta dauden haurrak sexuaren arabera bereizita eskolatzen dira, ikastetxe bananduetan eta elkarrengandik urrun.
Azkenik, Iruñerria, non Nafarroako biztanleriaren erdia baino gehiago bizi den, eremu bakar gisa funtzionatzen da, eta, beraz, familia batek bere seme-alabak eremu horretako edozein herritan matrikula ditzake, nahiz eta bizi diren lekutik urrun egon. Eredu sostengaezina, denbora, jantoki, garraio (trafiko eta kutsadura handiagoa puntako orduetan) baliabide gehiago erabiltzea dakarrena, eta familiak bizi diren auzoetan integratzeari eragiten diona.
Aukera horiekin guztiekin, batzuek askatasuntzat eta hautatzeko eskubidetzat jotzen dutena, berez, gure gizartea bereizten duten eta integrazio eta bizikidetza hobe batetik urruntzen duten elementu bereizleen sorta bat da, ikasleak ingurune homogeneoetan sailkatzen baitira, parametro desberdinen arabera (maila sozioekomikoa, hizkuntzak, erlijioa, generoa …). Familia guztiek ez dituzte baliabide ekonomiko berberak, eta, beraz, ez dituzte aukera guztiak eskura. Ez dezagun ahaztu, nahiz eta legez derrigorrezko irakaskuntza doakoa izan, sare pribatu-kontzertatuan dauden ikastetxeek kuota sistema arbitrarioa eta ez gardena ezartzen dutela ikastetxe eta familiek (ahal dutenek) perimetro bat markatuz, kobratu eta ordaintzea erabakitzen duten ordainketen bitartez. Praktika hori debekatuta egon beharko litzateke, segregaziorako beste tresna bat delako, eta kanpoan uzten dituelako egoera ekonomiko ahulean dauden familiak.
Hezkuntza inklusiborako ELAren proposamenak:
- Ereduak sinplifikatzea, PAI kenduz eta euskarazko eta gaztelaniazko oinarrizko irakaskuntza bermatuz, D eredua lehenetsiz, Nafarroako bi hizkuntzetan benetako elebitasuna bermatzen duen bakarra, eta gero A eredua, G ordez, Nafarroako ikasleek beren derrigorrezko irakaskuntza amai dezaten Nafarroako bi hizkuntzak ezagutuz. Era berean, atzerriko hizkuntza bat edo bi ikasiko direla bermatzea.
- Inbertsioa BPGaren% 6ra handituz (gaur egun % 3,4), Europako batez bestekoarekin berdinduz; irakaskuntza publikoak eskola-biztanle guztientzako behar adina plaza bermatzearen alde eginez.
- Ikuspegi atzerakoi merkantilista eta doktrinatzaileak baztertu eta hezkuntza integral , laiko eta aurrerakoia bultzatu; non ikuskera eta sinismen ezberdinen lanketa, giza balioen hezkuntza, aniztasuna, ezberdintasunanekiko errespetua, kritikotasuna, elkartasuna , justizia soziala, inguruarekiko interdependentzia eta errespetua oinarriak izango diren.
- Ikasleak generoaren edo beste edozein baldintzaren araberako segregazioari uko egitea.
- Km 0 irakaskuntza eskaintzea, familiaren etxebizitzatik ahalik eta gertuen, eta ikasleak orekatzea, auzoaren segregazioak berak ikastetxeen ghetifikazioa eragiten duen kasuetan.
- Derrigorrezko irakaskuntzaren doakotasun erreala eta osoa bermatzea, legeak ezartzen duen bezala.