Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak ulertzen du ez dagoela arrazoi objektiborik modu desberdinean tratatzeko langile funtzionarioak eta administrazioak kontratatutakoak graduaren kobrantzari dagokionez

2019/06/25
Ekainaren 20an jakitera eman zuen Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak bere iritzia Foru Administrazioko langile kontratatuek gradua kobratzeko duten eskubidearen inguruan. Nafarroako Kontentzioso Administratiboko Epaitegiak behin-behineko irakasle batek jarritako erreklamazioa aztertzeko luzatu zuen kontsulta Europara.

Europak ulertzen du ez dagoela arrazoi objektiborik modu desberdinean tratatzeko langile funtzionarioak eta administrazioak kontratatutakoak graduaren kobrantzari dagokionez, kobrantza sistemak zerbitzu urteak soilik hartzen baititu kontuan ordainsaria jasotzeko.

Dena den, ez litzateke berehala aplikatuko. Europak ulertzen du Epaitegiak erabaki beharko lukeela, kasu bakoitzean, tratu desberdintasuna dagoen edo ez.

Honengatik guztiagatik, ELA Sindikatutik jarraipena emango diogu egin ditugun graduaren erreklamazioei eta oraindik erreklamazioa egin ez duten pertsonak animatzen ditugu eskaera egin dezaten. Orain arte antzinatasunarekin, familia laguntzarekin eta karrera profesionalarekin egin genuen bezala, defendatzen jarraituko dugu behin-behineko langileek langile funtzionarioen eskubide berberak dituztela.

Modu berean, Nafarroako Gobernuari exijitzen diogu Europak agindutakoa bete dezala eta langile guztiei berehala gradua ordain diezaiela atzeraeraginarekin.