Nafarroako Gobernuak eskainitako 2021eko irakaskuntza ertainen EPEak egun dagoen behin-behinekotasuna, %50 ingurukoa, handitzen du

2020/11/19
ELAk eskatu du Gobernuak ezartzen duen EPE eredua haustea eta aldi baterako 5000 irakasle baino gehiagori egonkortasuna emateko finkatze-prozesuak bultzatzea.

Hezkuntzan dagoen behin-behinekotasun tasa, sindikatuak helburu duen % 6ra murriztu beharrean, gora doa, % 50 ingurukoa da gaur egun, Kontuen Ganberaren txostenaren arabera. 5.000 irakaslek baino gehiagok aldi baterako kontratuak dituzte.

ELAk behin-behinekotasunaren gehiegizko erabilera amaitzeko eskatu du, Europako Auzitegiak aitortu izan duen bezala. Sindikatuarentzat, bereziki larria da gobernuek gaur egun egoera hori iraultzeko proposamen eraginkorrik ez izatea. Horrek lan-prekarietatea iraunarazten du eta hezkuntza publikoaren kalitatea okertzen du.

ELAk bereziki salatu du Nafarroako Gobernuak, hezkuntza eskumen osoa izanda ere, Espainiako Gobernuaren erabakiei men egiten diela. Ildo horretan, ELAk dei egiten dio Nafarroako Gobernuari hezkuntza-eskumenak babes ditzan. Erkidego bakoitzak bere beharren eta ezaugarrien araberako oposizio-eredu bat dei dezan, besteak beste, birjartze-tasaren mugarik gabe. Espainiako Gobernuak ezarritako eredua onartzeak negoziazio kolektiboa estatuaren esparruaren menpe uzten du, Nafarroako langileen ordezkaritza mespretxatuz.

ELAk aspalditik aldarrikatzen du finkatze-prozesuak abian jarri behar direla gaur egun hezkuntza publikoan bitarteko gisa lan egiten duten langileentzat, bai plaza-kopuruari dagokionez, bai prozesuaren eredu negoziatuari dagokionez. Halaber, beharrezkotzat jotzen dugu etorkizunean egoera bera ez errepikatzea bermatuko duten mekanismoak ezartzea. Erabaki horiekin bakarrik ekin ahal izango zaio kalitatezko hezkuntza publikoari.