BENITO MENNI (ELIZONDO)
Zentroko langileek 14 greba egun gehiago hasi dituzte

Hermanas Hospitalarias enpresak, Nafarroako Gobernuaren baimenarekin, Elizondoko Benito Menni zentroak dituen hiru eraikinetako bat ixtea erabaki zuen enpresaren etekinak are gehiago handitzeko. Erabaki honen ondorioz, langileak berain lan baldintzak okertuak ikusi dituzte eta nabarmena da erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatean egon den galera.
Azaroan gatazka hasi zenetik, enpresak ez du inoiz, hartutako erabakiak eduki dituen ondorioez hitzegiteko bildu nahi izan. Horrezgain, langileen lan baldintzen hitzarmena negoziatzerako garaian, enpresak entzungor egiten die langileek eskatzen dituzten aldarrikapenei.
Nafarroako Gobernuari dagokionez, Martxoaren 6ean eginiko bileran, ELAko ordezkariek Elizondoko Benito Menni zentroaren egoera larria azaldu genuen. Informazio guztia helarazi diogun arren, Gobernuak ez du ezer egin egoera honen aurrean.
Osasun mentaleko arazoak dituzten herritarrak zaintzeko, Nafarroako Gobernuak soilik Hermanas Hospitalariaseko Kongregazioa dauka zerbitzua emateko baimendua. Beraz monopolio baten aurrean gaude. Eta, Nafarroako Gobernuak azpikontratatuta mantentzen du, ematen duten zerbitzuaren kalitatea helburutzat izan beharrean, negozioa lehenesten duen enpresa honi.
Enpresaren eta Nafarroako Gobernuaren jarrera ikusita, langileek beste 14 greba egun egingo dituzte Ekainaren 23tik Uztailaren 6ra bitartean. Horiekin, dagoeneko 50 greba egun egingo dituzte langileek.
Enpresari negoziazio erreala egin dezan eskatzen diogu, non hartu dituen erabakien ondorioak aztertuz sortutako egoerari konponbide egokia emango zaion, eta non lan baldintzen hitzarmenean langileen aldarrikapenak kontutan hartuak izango diren. Onuraren maximizazioa ezin da sortu pertsonen zaintzaren kontura.
Nafarroako Gobernua interpelatzen dugu kontu honetan inplikatu dadin. Diru publikoa erabiltzen da zerbitzu hau azpikontratatzeko; beraz, kalitatezko zerbitzua bermatzeko, langileentzako baldintza onak bermatzeko eta eskualdeko despopulazioan aurrera ez egiteko erabili behar dela aldarrikatzen dugu.
Horregatik, deitutako mobilizazioen barruan, gaur, Ekainak 23, elkarretaratzea egingo dugu eguerdiko 14:30tan Elizondoko Benito Menni zentroan. Eta datorren ostegunean, hilak 26, elkarretaratzea egingo dugu arratsaldeko 19:00tan Elizondoko plazan.