Lekualdatze-lehiaketak

2012/10/31
Lekualdatze-lehiaketa prozedura bat da, eta horri jarraiki karrera-funtzionarioa behin betiko destino batera (“jabetzako postua”) iritsi daiteke edo destino batetik beste batera aldatu daiteke.

 

LEKUALDATZE-LEHIAKETAK

 

Lekualdatze-lehiaketa prozedura bat da, eta horri jarraiki karrera-funtzionarioa behin betiko destino batera (“jabetzako postua”) iritsi daiteke edo destino batetik beste batera aldatu daiteke.

Arauak dioenez, estatu-esparruko lekualdatze-lehiaketak bi urterik behin egingo dira, eta orduan ematen da aukera autonomia-erkidego batetik beste batera aldatzeko. Tarteko urteetan erkidegoek beren esparruen barruko lehiaketak egin ditzakete. 2011/2012 urteetan autonomia-erkidegoen txanda da.

Estatu-esparruko lehiaketetan erkidego guztiak sartu ohi dira, eta urtaro berean izaten dira (urriaren amaieran edo azaroan). Autonomia-erkidegoetako lehiaketak erkidegoak berak ezarritako garaian egiten dira, baina estatukoen antzeko garaian antolatu ohi dira.

 

Lehiaketan parte hartzea:

 Parte hartzea borondatezkoa izan daiteke, behin betiko destinoa daukatenentzat; edo nahitaezkoa, destino hori ez daukatenentzat (behin-behineko edo ezabatutako lanpostuak dutenak).

Borondatez parte hartzen dutenei esleitu dakizkiekeen postuak eskatutakoak dira, bestelakorik ez.

Nahitaezko parte hartzea izanez gero, eskatutako lanposturik egon ezean, beste destinoren bat esleitu diezaiokete interesdunari, baina behin-behineko destinoa duen lurraldearen barruan. (salbuespena: kontserbatoriokoak hiru lurraldeetako edozeinetara bidali ditzakete).

Borondatezko parte hartzea izanez gero, beharrezkoa da bi urtez eramatea ikastegian. Hori dela-eta, eskaera bigarren ikasturtean zehar egin daiteke, hurrengo ikasturtean destino berrira aldatzeko.

Zerbitzu-eginkizunetan ikastegitik kanpo egon izana ez da eragozpena izango lehiaketan parte hartu ahal izateko.

 

Baremoa:

Postuak eskatzaileen puntuazioa kontuan hartuz esleituko dira. Honako hauek izaten dira baremoaren alderdiak:

  • Kidegoan karrera-funtzionario gisa emandako urteak (beste irakasle-kidego batzuetan emandako urteengatik puntu gutxiago).

  • Lehiaketara aurkezteko abiapuntua den ikastegian behin betiko gisa emandako urteak (edo behin-behineko gisa, behin betiko destinorik eduki ezean).

  • Gainerako titulazioak (kidegora sartzeko behar den titulazioaz gain).

  • Prestakuntza-jarduerak (harturiko eta emandako ikastaroak). Muga bat dago.

  • Behin karrera-funtzionarioa izan eta gero, ibilitako karguak.  

  • Irakaskuntza espezializatuetako titulazioak: Musika, HEO (EOI).

  • Argitalpenak.

 

Lehenengo behin betiko destinotik aurkezten direnei behin betiko gisa emandako denborari dagozkion puntuekin batera behin behineko emandako urteen puntuak ere aitortzen zaizkie. (ez da beharrezkoa kasuan kasu aztertzea).

 

Salbuespena: Praktikaldiko funtzionario gisa aurkezten direnak, urte horretan ez dira sailkatuko baremoaren arabera, oposizioan lortutako puntuazioaren arabera baizik. Posturik lortu ezean, hurrengo urtean bai, baremoaren arabera.

Salbuespena: ezabatuek lehiaketan kontuan hartu behar dizkioten urteak (behin betiko gisa) hauek dira: ezabatu zituzteneko ikastegian emandako urteak gehi aurreko ikastegian behin betiko gisa emandako urteak.

 

Eskariak:

Inprimakietan ikastegi, espezialitate eta postu-mota bakoitzeko aukera bat egin behar da; beraz, interesdunari egokitzen zaizkion aukera guztiak hautatu behar ditu, norberaren kidegoak dituen espezialitateen barruan .

Maisu-maistren kidegoan beste lauki bat dago, postu ibiltaria nahi den ala ez markatzeko. (Hori garrantzizkoa da ALE postuak eskatzen dituztenentzat, postu horiek ibiltariak izaten baitira; eta 1 bat "ibiltari” laukian jarri ezean, postu eskatu ez dela ulertuko da).

2007. urteaz geroztik Maisu-maistren kidegora sartu diren funtzionarioak beharturik daude oposizioa gainditu zuten espezialitate bereko behin betiko destinoa hartzera. Hurrengo lekualdatzeetan dauzkaten eta erabili nahi dituzten gaikuntza guztiak erabili ahal izango dituzte, 2010az geroztik sartu direnak izan ezik; horiek denbora mugagabean jarraitu beharko dute espezialitate horretan.

Lehen destinoa, kidego guztietan, oposizioak gainditu dituen autonomia-erkidego berean egon behar da. Hurrengo lekualdatzeetan beste erkidego batzuetako postuak ere eskatu ahal izango dira.

DBHko lehen zikloko postuetan behin betiko diren eta 2006tik aurrera postu horietatik ezabatu diren Maisu-maistren kidegoko funtzionarioek DBHko lehen zikloko beren espezialitateetako postuak eskatzen jarraitu ahal izango dute.  Lehen Hezkuntzako edo Haur Hezkuntzako postuak eskatu eta lortu dituztenek ezin izango dute berriro eskatu DBHko posturik beste lekualdatze batean.

PTEko maisu-maistrek DBHko lehen zikloko PTE postuak eskatzen jarraitu ahal izango dute.

 

Lanpostu hutsak:

Postu-eskaera lanpostu hutsak zehazki zein diren jakin aurretik egin behar da. Behin eskaerak aurkeztu ondoren —urtarril aldera— erabaki ohi da lanpostu hutsen eskaintza.  Lanpostu huts horiek Buletineko Lanpostuen Zerrendakoak dira, behin betiko langileek bete gabe dituztenak, eta urte bi inguruko iraunkortasuna izatekoak direnak. Osterantzean, postuak “estalita” daudela ulertzen da, eta ez dira eskainiko. Ikastegi bakoitzeko postuen eskaintza egin baino lehen, kontsulta egiten zaie ikastegiari berari eta ordezkari sindikalei, gero EHAAn argitaratzen da, eta azkenik lehiaketaren behin-behineko ebazpena hartzen da. Postu huts horiei “gerakinak” gehitzen zaizkie (behin betiko langileak lekualdatzean hutsik uzten dituztenak), baldin eta aldez aurretik “estalita” ez badago.  

 

Prozesuaren aldiak:

Eskaerek sarbide informatikoa dute (dagoeneko ezin da inprimaki bidez aurkeztu):

Eskuarki 15 eguneko epean egiten da, deialdia argitaratuz geroztik hasita; azaro aldera. Bestalde, alegatu nahi diren merezimenduen agiriak Ordezkaritzan aurkeztu behar dira.  Agiri horiek aurkeztu ezean, gerora ere zuzendu daiteke akatsa; irakaskuntza-zerbitzukoak izan ezik, horiek Administrazioak aurkezten ditu bere kabuz.

Lehiaketan parte hartu nahi den guztietan aurkeztu behar da eskaera.

 

Behin-behineko merezimenduak:

Administrazioak urtarril aldera argitaratzen du merezimenduen behin-behineko baremazioa; gero, funtzionarioa diharduen ikastegira bidaltzen du fitxa bat, non eskatutako ikastegiak agertzen diren, ea akatsen bat dagoen egiaztatzeko. Bost eguneko epe laburra eman ohi da merezimenduei edo eskaerei aurka egiteko. Erne ibili behar da, beraz.

Aplikazioak aurreko urteetako meritoak gordetzeko aukera ematen du, baita gehitzekoak ere.

 

Behin-behineko destinoak:

Administrazioak argitaratzen ditu behin betiko baremazioa eta puntuazioaren araberako destino-esleipena. Honetan ere bost eguneko epea dago erreklamatzeko. Epe horren barruan, gainera, borondatez lehiatzen direnek uko egin diezaiokete lehiaketan parte hartzeari.

 

Behin betiko destinoak.

Behin erreklamazioak ebatzita eta ukoak onetsita, lehiaketaren behin betiko ebazpena maiatz edo ekain aldera argitaratzen da; eta destino horiei ezin zaie ukatu.  Balizko akatsak zuzentzearren, hilabeteko epea dago errekurtso arrunta jartzeko, eta bi hilabetekoa administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko.

 

Lehentasunezko eskubidea:

Zenbait kidegok —adibidez maisu-maistren kidegotik ezabatuek eta bigarren hezkuntzako ezabatuek eta lekuz aldarazitakoek— lehentasunezko eskubidea dute jatorri-ikastegiko herriko edo eskualdeko postu bat eskuratzeko (kanporatu zituzten ikastegiaren inguruetan).

Eskubide horretaz baliatzeko; lehenengo, jatorri-ikastegiko herriko ikastegi guztietarako eskaerak jarri behar dituzte; eta gero, hala nahi izanez gero, lehentasunezko eskubidea erabili gura duten eskualdeko herrietako ikastegi guztietarako eskaerak.

Lehentasunezko eskubideak hauxe bermatzen du: postu huts bakar bat egongo balitz, lehentasuna duenarentzat izango litzateke; baina postu huts bat baino gehiago egongo balira, lehentasuna duenak gainerako hautagaiekin lehiatu beharko luke baremoari jarraiki; dena dela, postu bat bermaturik izango luke.

 

Prozesuaren arauak:

Horrelako prozesuen eraginpean autonomia-erkidego guztiak daudenez, Estatuak dauka arautzeko eskumena. Eta bai baremoa, bai baldintzak berdinak dira erkidego guztietan.

Indarreko arauak urriaren 29ko 1364/2010 E.D.an daude jasota (BOE, 2010-10-30).