Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak, burugabekeria pedagogikoa

2019/02/20

 

UPN-PSNren esperimentu inposatua

Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak, ingelesez gehienetan, UPN-PSNko gobernuek udaletxeen bidez masiboki inposatuak izan ziren Nafarroako eskoletan 2010tik aurrera bereziki. Prozesu hau programen aurretiko analisi eta ebaluaziorik egin gabe eraman zen aurrera, hizkuntzen irakaskuntzako aditu zein eskolen klaustroen iritzia kontuan hartu gabe. Izan ere, IIP-PAI programan zentroak sartzeko erabakia Departamentuko Ingeles Atala eta Ikuskaritza Zerbitzuaren iritzi teknikoaren kontra hartu zen gehienetan. Gaur egun, Nafarroako 50 herri eta 100 zentro baino gehiagotan atzerriko bitarteko hizkuntza batean ikastea da gurasoek beren seme-alabak matrikulatzeko duten aukera bakarra. Ez dezagun ahaztu nafarroako ikasle guztiek dagoeneko atzerriko hizkuntza bat ikasten dutela IIP-PAI programaren beharrik gabe.

 

Aberrazio pedagogikoa

Atzerriko hizkuntza bat bitartekotzat erabiltzea auto-kolonializazio linguistikoa izateaz gain, aberrazio pedagogiko hutsa da (are gehiago eremu ez-elebidunetan): programa hauek kurrikuluen hustutzea dakarte, tutoreen lanaren ahultzea, izugarrizko aparteko ahalegina ikasleentzat (zer esanik ez ikasteko zailtasunak edota behar bereziak dituztenentzat) eta segregaziorako bide bat irekitzen dute, ekitatea urratuz. Programa hauetan ikasleak sailkatuak dira haien “egokitze ahalmena”ren arabera. Honen ondorioz, egoera sozioekonomiko txarrenetan dauden ikasleak kaltetuenak dira. Batetik, hauen gurasoek ezin diete atzerriko hizkuntzarekin lagundu, eta bestetik ez dute baliabide ekonomiko nahikorik klase partikularrak ordaintzeko enborrezko ikasgaiak  (matematikak, gizarte zientziak, natur zientziak, historia…) atzerriko hizkuntza batean ikasteagatik sortzen diren zailtasunei aurre egiteko. Familiei haien seme-alabek lortuko ez duten elebitasun iruzurra saldu zaie, hezkuntza ereduak izateko baldintza legalak betetzen ez dituzten programen bidez.

 

Alferrikako ebaluazioak

Programa hauek ezarri ondoren egin diren ebaluazioek begibistan utzi dute ikasleen hobekuntza eskasa Haur eta Lehen Hezkuntzan zehar atzerriko hizkuntzan 3000 ordu jaso eta gero. Ordu kopuru erdiarekin pertsona heldu batek C2 maila lortuko luke. Programa “elebidun” hauek zabalki gaitzetsiak izaten ari dira ezarriak izan diren estatuko gainerako erkidegoetan hezkuntza komunitatearengandik. ELAn atzerriko hizkuntzen irakaskuntzaren inguruko txostena zabaldu genuen iaz Nafarroako Gobernuak hizkuntzen tratamentu integratuaren inguruan antolatu zituen jardunaldien harira. Hezkuntza Departamentuaren arduragabekeria salatzen dugu berriz ere, programa hauei jarraipena ematen baitie eta haien hedapena onartzen baitu 2021-2022 ikasturtera arte (beste ebaluazio bat egingo da).

 

Irakasle kaltetuak

Irakasleei dagokienez programa hauek ondorio latzak ekarri dituzte. Esperientzia handiko ehunka irakasle funtzionario desplazatuak izan dira beraien ikastetxeetatik exijitutako hizkuntzaren maila nahikoa ez izateagatik. Eskakizun hau ez dago 276/2007 funtzio publikoan sarbiderako Errege Dekretuan jasota. Logikoa denez, bakarrik hizkuntzetako espezialistentzat dago onartua eskakizun hori, ez jeneralistentzat ezta beste arloetako irakasleentzat ere. Bestalde, prestakuntza pedagogikoa edo esperientzia gutxiagoko irakasleak lanpostu hauetan sartu ziren atzerriko hizkuntza batean titulazioa izateagatik batez ere. Langile horien behin-behinekotasuna (%50tik gora) eta errotazioa nabarmenki igo dira atzerriko hizkuntzetan irakasten duten zentroetan. Honek lan baldintzak okertu ditu eta, ondorioz, kalitatea.

 

Hezkuntza sistema kaltetua

Laburbilduz, hau guztia gure hezkuntza sistemaren kalitatean kalte nabariak sortzen ari da. Gure ikasleek adin horretan Nafarroako bertako hizkuntzetan irakur-idazmena finkatu beharko lukete, hezkuntzako lehenengo etapetako oinarrizko ezagutzak barneratzen dituzten bitartean. Programa hauek bertan behera uztea, eta ahal delarik lehenbailehen ateratzea ezinbestekoa da gure ikasleengan atzerriko bitarteko hizkuntzetan ikasteak sortu eta sortzen dizkien ondorio latzak sahiesteko. Neoliberalismo eta kapitalaren ildo merkantilista gelditzeko apostua egiten dugu eta atzerriko hizkuntza ezberdinen irakaskuntza ikasgai bezala hobetzekoa. Lehentasuna ikuspuntu praktiko eta komunikatiboari eman behar zaio, talde txikiagoetan, bikoizketekin, solaskide laguntzaileekin eta ikasle-trukeekin, hauek guztiak testuinguru errealago eta eraginkorrago batean hizkuntza ikasi eta erabiltzeko.

 

ELAren proposamenak

  • Oinarrizko hezkuntza euskaraz eta gazteleraz (H1 eta H2 ereduen arabera) bermatzea, D ereduaren alde apostua eginez, ikasleek 16 urte beteta bertako bi hizkuntzetan B2 (HEEEB Europako Esparrua) lortzeko. Aldi berean, G ereduaren ordez, A ereduaren aldeko apostua eginez, ikasleek 16 urte beteta gaztelerako B2 eta euskarako B1 lortzeko.
  • Atzerriko hizkuntza bat edo bi (H3 eta H4) ikastea bermatu behar da, DBH bukatzerakoan B1 maila lortuz.
  • Atzerriko hizkuntzen ikasketa birplanteatzea, ikasgaiari ikuspuntu komunikatibo eta praktikoa emanez, mintza-laguntzaileekin, 8-10 ikasle taldeekin, AJBko filmekin, bideokonferentziekin eta ikasle-truke birtual zein errealekin beste herrialdetako ikastetxeekin. Hau da Europan egiten dena hain zuzen ere.
  • Haur eta Lehen Hezkuntzan ikasgaiak atzerriko hizkuntzetan emateari uztea oinarrizkoa iruditzen zaigu, ikasgaien edukinak eta hezkuntzaren kalitatea berreskuratzeko.
  • Zentroko Proiektu Linguistikoak sortu: beharren antzemate eta ebaluazioa, hizkuntza heziketa jarduera zehatzak eta azkenik emaitzen balorazioa berriz hasteko hobekuntzaren zikloarekin.

Hemen ELAk atzerriko hizkuntzen ikaskuntzari buruz egindako txostena.