Inbertsioa Hezkuntzan; Europatik oso urrun

2019/02/20

NAFARROAKO GOBERNUAREN INBERTSIOA

Nafarroako Gobernuaren 2019ko aurrekontuak urteetan onartu diren aurrekontu murriztaile, neoliberal eta antisozialen bide beretik jarraitzen du. 2018ko itxierak baino baliabide ekonomiko gutxiago bideratzen du 2019rako.

Nafarroako Gobernuak 2017an Estatuko Gobernuarekin adostutakoaren arabera, 2019ko aurrekontuak egiterakoan ere 3 muga onartu ditu:

  • Defizit publikoa: BPGarekiko % 0,1 baino handiagoa ez izatea.
  • Zor publikoa: BPGrekiko %17,1 handiagoa ez izatea.
  • “Gastu araua”: 2019ko gastua ezin da 2018koa baino %2,7 handiagoa izan. Honen arabera, diru sarrerak aurreikusitakoak baino handiagoak badira, osotasunean zor publikoa murriztera bideratuko dira, ez zerbitzu publikoetara edo partida sozialetara.

Aurrekontu-politika honen ondorio larrienak:

  • Autogobernuaren eta Nafarroan bertako aurrekontuak erabakitzearen aurka doa. Nafarroako Gobernuaren aurrekontua, eta gainontzeko administrazio eta udalen aurrekontuak Madrilgo Kongresuan erabakitzen dira. Non daude Hitzarmen Ekonomikoaren abantailak bertako aurrekontuak erabakitzeko garaian?
  • Politika hau eztabaidarik sortu gabe ezartzen da. Hau onartzeak suposatzen du diru-bilketa jaisten bada, murrizketak egingo direla, baina diru-bilketa hazten bada aurrekontua ez dela haziko.
  • Lehentasuna zor-publikoa ordaintzea da, behar eta gastu sozialen aurretik.  Aurrekontu politika honek gastu publikoaren murrizketa ezartzen du zerbitzu publikoak kaskartuz eta merkantilizazioaren bidean oinarrizkoak diren behar sozialen estaldurarekin negozioa eginez (osasuna, hezkuntza, zerbitzu sozialak, etxebizitza…). Aurrekontu marko hau guztiz kontrajarria da posizio ezkertiar edo progresistekin.

Nafarroako Gobernuaren aurrekontu-proiektuak 4.306,2 milioi euroko gastua aurreikusi du, baina gastu erreala baloratzeko, hurrengo partidak kendu behar zaizkio:

  • 545,3 milioi euro estatuko ekarpenera  bideratutakoak. Aurrekontuaren %12,7a (legeladi honetan ere ekarpena hazi egin da).
  • 892.000 euro AHTra bideratutakoak.
  • 433,5 milioi zorra eta itzalpeko saria ordaintzera bideratutakoak. Aurrekontuaren %10,1a.

Hau horrela, Nafarroako Gobernuak egindako aurreproiektuak 3.326,8 milioi euroko gastua aurreikusten du bere eginkizunak betetzeko, 2018ko aurrekontu kontsolidatuan baino 49,5 milioi euro gutxiago eta 2009an gastatutako ia kopuru berdina.

 

INBERTSIO ESKASA HEZKUNTZAN

Hezkuntza Departamentuaren aurrekontua 2019an 687,9 milioi eurokoa izango da, BPGaren %3,2a. 2010ean (murrizketak hasi aurretik) BPGaren %3,6 bideratu zen hezkuntzara.

Hezkuntza Departamentuaren gastua 2018 eta 2019 bitartean %3,9 haziko da, ekonomiak izango duen aurreikusitako hazkundearen azpitik geratuz.

Nafarroak hezkuntzara bideratzen duen gastu publikoa Europako gainerako herrialdeekin alderatzen badugu, agerian geratzen da oso eskasa dela BPGarekiko. Eskuragarri dauden azken datuak 2016koak dira. Hauen arabera Nafarroa zen EB-28ko herrialdeen artean bere errentaren zati txikiena bideratzen zuena hezkuntzara, BPGaren %3,1a. EB-28ko batez bestekoa %4,7koa izan zen, eta Islandia moduko herrialdeek %7,1a bideratu zuten. EBeko bataz bestekoa bideratuko balu Nafarroako Gobernuak hezkuntzara, 343,4 milioi euro gehiago gastatu beharko lirateke. UNESCOk gomendatutako gutxinekoa %6koa da.

Baina badago alternatiba, ELAren iritziz, aurrekontu politika murriztaile eta neoliberal hauek irauli eta herritarren beharrei erantzungo dieten zerbitzu publikoak eta partida sozialak indartzeko ezinbestekoak dira:

 

  • Madriletik ezarrita dagoen gastu arauarekin apurtzea. Nafarroako aurrekontuak Nafarroako behar sozialen arabera eginez.

 

  • Zorra auditatzea. Hasteko, aztertu behar da zorraren zein zati sortu den interes publikoagatik eta zein zilegi ez den moduan. Zor ez zilegia ez ordaintzea.
  • Erreforma fiskala. Aurrekontuak areagotzeko premiazkoa da diru bilketa handitzea. Egungo zerga sistemak diru gutxi biltzen du Nafarroan, Europako batez besteko mailarekin alderatuta BPGaren %9,8 gutxiago. Europako bataz besteko presio fiskala edukiko bagenu 2.036,1 miloi euro gehiago edukiko genituzke zerbitzu publikoak indartu eta partida sozialak handitzeko.

Horretaz gain, modu injustu eta antisozialean biltzen da, diru gehiago bilduaz zeharkako zergekin zerga zuzenekin baino. Eta zuzeneko zergetan gehiena lan errentetatik biltzen da (%70,3a). Errenta altuek, enpresek eta kapitalek oso zerga murritzak ordaintzen dituzte. Eta urtez urte desberdintasun hau handiagotzen doa. Hau gutxi balitz, iruzur fiskalak oso handia izaten jarraitzen du.