ESI Arabako Osakidetzako langileak kokoteraino gaude pribatizazioekin

2019/05/23
Txagorritxu Ospitaleko kategoria desberdinetako langileak, goizeko 11:30 ate nagusiaren aurrean kontzentratu dira

Arabako ESIko langileak, bertako Pertsonal Batzorde eta Enpresa Komitearen babesarekin, Gasteizko Txagorritxu Ospitalaren ate nagusian elkartu dira protesta gisa. Zergatik? Osakidetzaren azken pribatizazio saiakera salatzeko. Gaurkoan, kategoria guztitatik langile asko etorri dira Mantentze Zerbitzuko pertsonalari sostengua emateko, bakarrik ez daudela esateko eta behar diren ekintza guztietan elkarrekin egongo direla adierazteko. Eta arrazoia argi eta garbi dago: atzo Garbiketa Zerbitzua izan zen, gaur Mantendu Zerbitzua da, eta bihar, uzten baldin badiegu, Laborategiko edota Erizaingo Zerbitzuren bat izan daiteke. Osakidetzaren gose neoliberalaren aurrean ,inor ez dago libre. Nork ez du gogoan nola 2012an, Kanpoko Kontsultetako eraikina zabaltzeak kontratu goxoak suposatu zituen botere politikoari lotutako enpresa jakin batzuentzat? Berriz berdina egin nahi dute. 44 milioi eurotako baldintza-agiri bat sinatu nahi dute Mantentze lanak azpikontratatzeko. Zerbitzu publikoie egin nahi zaien eraso berri honen aurrean ELA ez da isilik geratuko. Langileen defentsan Osakidetzak beti aurrean izango gaitu.