ELAk COVID-19aren aurrean langileak eta pazienteak babesteko neurri sorta helerazi dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari

2020/07/29
Sindikatuaren esanetan onartezina litzateke orain dela gutxi bizi izandako gertakari larrien aurrean langileak berriz ere aritu behar izatea.

Azken hilabeteetan bizi izandakoaren ondoren, eta COVID-19agatik gertatzen ari diren kutsatze berriak ikusita, ELAk Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu dio berehala har ditzala beharrezko neurriak Osakidetzan arreta egokia eta kalitatezkoa bermatzeko eta langileen osasuna eta segurtasuna zaintzeko. Hauek dira aurkeztutako dekalogoan jasotako prebentzio- eta antolaketa-neurriak:

1.- Ezinbestekoa da oinarrizko prebentzio-unitateak langile gehiagoz hornitzea: martxoaren erdialdean, garai hartan bizi zen egoera ikusita, ELAk unitate horiek indartzeko eskatu zuen. Gogoratu behar da oinarrizko prebentzio-unitate horiek langileen segurtasunaren eta osasunaren ardura dutela; eta gaur egungo egoeran, besteak beste, langileei PCR masiboak egin behar dizkietela, eta maskara akastunak erabiltzearen inpaktua ebaluatu behar dutela. Horren ondorioz, beren ohiko lana biderkatu da esponentzialki. Donostialdeko ESIko prebentzio-arloko arduradunek berriki adierazi dute ezin dietela egin langile kontratatu berri guztiei, lanean hasi aurretik, PCR bana, protokoloan dagoen bezala. Gaur egun, oinarrizko prebentzio-unitateek 81 langile dituzte guztira, 35.000 langile baino gehiago artatzeko. Ezinbestekoa da langile kopurua bikoiztea, arreta egokia eskaini ahal izateko.

2.- Oporraldiak eta langileen gainerako absentziak ordeztea, eta plantillak indartzea arlo eta kategoria zigortuenetan, bai lehen arretan, bai ospitaleko arretan: lehen arretan kolapsaturik daude dagoeneko; izan ere, udan gertatu ohi den giza baliabideen eskasiaz eta ordezpenik ezaz gain, aurtengo udan koronabirusa kontrolatzearen ondoriozko lan-karga itzela gehitu zaio. Ezinbestekoa da Lehen Mailako Arreta berehala indartzea, eta baita ospitaleko arreta ere. Ospitaleko arretak une honetan zama arinagoa duela egia bada ere, prest egon behar da lan-karga handiagoa jasateko. Horretarako, langileak kontratatu eta prestatu behar dira orain, bai babesari eta prebentzioari dagokienez, bai koronabirusaren tratamenduari dagokionez.

3.- Osakidetzak babes-material nahikoa eta egokia bildu behar du, azken hilabeteetan bizi izandako gertakariak berriro gerta ez daitezen; izan ere, egoera horiek arriskuan jarri dituzte langileen segurtasuna eta osasuna, eta kutsatze-kopuru handia eragin dute. Kalitatezko material homologatua izan behar da, babes-baldintzak betetzeko adinakoa. Era berean, material hori erabiltzerakoan, fabrikatzailearen erabilera-jarraibideak errespetatu behar dira, eta osasun-arloko nahiz osasun-arlokoz kanpoko langileen artean bereizketarik egin gabe, arrisku-eremuetan lan egiten duten langile guztiek babes-maila bera izan behar dute, norberaren lanbide-kategoria edozein dela ere.

4.- Ospitaleratu, ebakuntza egin edo proba diagnostikoa egin aurretik, PCR proba bana egin behar zaie gaixoei, eta hurrengo 15 egunen barruan errepikatu (ospitaleratuta jarraitzen badu). Profesionalei NBE bana eman behar zaie hurrengo kasu hauetan: programatu gabeko jarduera egiten den arreta-zerbitzu edo -mailetan (larrialdiak, NPB/PAC, lehen arreta, kanpo-kontsultak, etab.), edo arreta eman aurretik PCR egiterik ez duten lekuetan, edo pazienteak segurtasun-neurririk gabe (distantzia, maskara, etab.) artatzen diren kasuetan. Eta hori kategoria guztietan, ematen den arretaren inguruabarrak kontuan hartuz, eta langilearen lanpostu funtzionala zein den begiratu gabe.

5.- COVID-19ak kutsatutako gaixoak daudela egiaztatu den zerbitzuetan edo arloetan, eta baita gaixo positiboak tratatzeko erabiltzen diren zerbitzuetan ere, aldizkako testak egin behar zaizkie langile guztiei (kategoria guztietan, salbuespenik gabe). Era berean, kontaktu guztiak prebentzioz isolatzeko eskatzen dugu, salbuespenik gabe.

6.- Lanpostu bakoitzaren esposizio-arriskuaren eta lan-arriskuen banakako ebaluazioa egin behar da. Ezin ditugu onartu orain arte egindako eredu-ebaluazioak, ez baitituzte kontuan hartu lanpostu bakoitzaren ezaugarriak, ezta zerbitzua emateko inguruabarrak ere.

7.- Protokolo egokiak, homogeneoak eta argiak. Horrekin batera, langile guztientzako prestakuntza nahikoa ere eman behar da. Prestakuntza hori gerta daitezkeen gorabeheren arabera eguneratu beharko da.

8.- Pertsona kalteberak: berragertzeak gertatuz gero, kalteberatzat jotako pertsonak aldi baterako ezintasun-egoeran deklaratu behar dira oinarrizko prebentzio-unitateetan.

9.- Garbiketa eta desinfekzioa indartzea eta protokoloetan jasotzea hurrengo atal hauetan: esparru amankomunak, korridore eta pasalekuak, aldagelak...

10.- Kategoria guztietako lan-esparruetan prebentzio- eta babes-neurriak betetzen direla bermatzea: langileen arteko distantzia, aireztapena, manparak, garbiketa eta abar.

11.- A priori gaixoekin kontakturik ez duten, baina kutsatutako materiala maneiatzen duten kategoria batzuen kutsatze-tasa handien gaineko ebaluazioa egitea eskatzen dugu. Oso deigarria da, adibidez, mediku guztien artean positiboen ehunekoa % 5,94 izatea, eta sukaldeko langileen artean %4,90.

ELAk azpimarratu du pandemiaren unerik kritikoenei aurre egiteko plantillak izan duen plangintza- eta aurreikuspen-falta ezin dela berriro gertatu. Horregatik, Osakidetzari eskatzen dio berehala har ditzala neurri horiek guztiak, langileen segurtasuna eta osasuna eta herritarrei kalitatezko osasun-laguntza bermatzeko. "Onartezina litzateke orain arte izandako egoera larriak errepikatzea eta langileek berriz sufritu behar izatea. Krisi honek argi erakutsi digu osasun publikoa indartu eta garatu beharra dagoela, ezinbesteko zerbitzua baita", azpimarratu dute.