Gipuzkoako papergintzako patronalak azken proposamenetik kendu ditu ELArekin adostutako eduki onuragarriak

2022/07/11
Gipuzkoako papergintza sektoreko patronalak “azken proposamena” egin du uztailaren 11an egindako bileran. Azken asteetan mahaian ordezkatuta dauden 3 sindikatuekin harremanak izan dira. ELA sindikatutik, zeinak, sektoreko ordezkaritzaren % 48,98 duen, iaztik LABekin eta CCOOrekin negoziaketa horretarako edukiak eta helburuak bateratzeko saiakerak egin ditu. Ezezko erantzuna jaso zuen, ordea. Berri txarra izan zen, sindikatuak sinistuta baitago negoziazioari begira jarrera sendoagoan jarriko gintuela.

Negoziazioaren testuingurua azpimarratu behar da, era berean, lan-karga historikoak eta ereduzko erantzuna eman baitute plantillek.

Eduki nagusiak honakoak dira:

  • 4 urteko indarraldia. KPIaren igoerak 2022 eta 2023 urteetarako. KPIa + 1 2024 eta 25 urteetarako.
  • Geroa: langileak eta enpresak egindako ekarpenaren % 0,3ko igoera hitzarmenean zehar.
  • Lizentziak: 2 egun naturaleko lizentzia gehitzen da genero- indarkeriaren biktima izan diren senideei laguntzeko.
  • Errelebo-kontratua: aurreko hitzarmena sinatu zuten sindikatuek 2022ko abenduaren 31ra mugatu zuten kontratu hori jasotzeko eskubidea. Kontratu-mota hori luzatzen bada, egungo baldintzei eutsiko zaie. Baldintzak bertan behera geratzen badira, kontratu horri eusteko aukera irekiko da, baina konpromisoa erretiro partziala hartzen duen pertsonari lanaldiaren % 50eko gehienezko murrizketa ahalbidetzera mugatzen da.
  • Berdintasuna: ELAren eskakizunei erantzunez, enpresek konpromisoa hartu dute sektore osoan emakumezkoen zein gizonezkoen aldagelak eta komunak egoteko.

ELAren iritziz, mahai gainean jarri diren edukietako batzuk positiboak dira, eta uste du gure jarrera irmoa funtsezkoa izan dela horiek lortzeko. Testuinguru horretan KPIa bermatzen da, eta 2024rako eta 25erako erosahalmena puntu bat handitzen da urtero. Hala ere, uste du batasuna eman balitz, hazkunde handiagoak lortuko liratekeela. ELAk ez du ulertzen, gainera, patronalak eta gainerako sindikatuek GEROAri igoerak sartzea inposatu izana, zuzenean soldata igoerara eramateko aukera zabaldu beharrean.

Bestetik, azpimarratu behar da ELAk akordioa lortu zuela, eta, horren arabera, enpresek ez zuten inolako arbitrajerik ezarriko, eta hitzarmenaren edozein aldaketa langileekin adostuta egin behar zela onartzen zuten. Konpromiso hori desagertu egin da azken eskaintzatik. Oso larria iruditzen zaio sindiaktu honi. Sektorean, oraindik ere, inposizioaren kulturaren alde egiten da, eta horrek esan nahi du langile gehienak ez direla errespetatzen, eta “non-stop” lana dela eta, bizitza lan jarduerari erabat lotuta duela.

ELAk ere etsipen handia erakutsi nahi du, paperaren hitzarmena oraindik ere anomalia baita Gipuzkoako negoziazio sektorialean. M.Rajoyren Gobernuak bultzatutako erreformek aukera ematen diete enpresei adostutako edukiak aplikatzeari uzteko, arbitrajea ezarriz. Egoera hori pairatu du sektoreak. Giltzarritzat jotzen du ELAk hitzarmen bat sinatzen denean, hurrengo urteetan izan ditzakegun egoeretarako prestatzea, eta Gipuzkoan hitzarmen gehienek lan-erreformak aurretik blindatzen gaituzten bitartean, paperak duela hamarkada bat baino gehiagoko testu batekin jarraitzen du.