“Klima aldaketaren aurkako borroka klase borroka ere bada”

2022/02/17
Krisi ekologiko eta sozial betean gaude, eta ataka larri honetatik ateratzeko antolatu beste aukerarik ez dago. Gai honen inguruan hausnartzeko ELAk eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak formazio jardunaldia antolatu dute, Aldaketaldia 2022 ekimenaren baitan. Hiru izan dira mintzatu diren lagunak: Ainhara Plazaola –ELAren ingurumen arduraduna–, Mikel Gomez –Sukar Horia ekimeneko kidea– eta Yayo Herrero –ingeniaria, ikertzailea eta militante ekofeminista–.

Ainhara Plazaolak azpimarratu du klima aldaketaz urte luzez daramagula hitz egiten. “Dagoeneko gutxik zalantzan jartzen duten errealitatea da. Emergentzia klimatikoa edo ekologikoa ere barneratu dugun kontzeptua da, baita instituzioek ere, propaganda egiteko besterik ez bada ere. Zoritxarrez, denborak aurrera egin ahala egoera okerrera doa, fenomeno hauek sortarazten dituzten ondorioak gertuago ditugu eta geroz eta larriagoak izaten ari dira. Ez gara uholdeez edo lehorteez soilik ari, langileen bizi baldintzak okertzeaz, eta sarritan lan baldintzak ere prekarizatzeaz ari gara. Klima aldaketa eta emergentzia ekologikoa langileen kontua ere badela esaten dugunean, honetaz ari gara”.

Mikel Gomezek Sukar Horiaren izenean mintzatu du, trantsizio ekologiko justua helburu duen kolektiboa. Trantsizio ekologikoaren inguruan dituzten proposamenak aztertu aurretik krisi energetikoaren inguruko zertzeladak eman ditu. Izan ere, garai baten amaieraren hasieran gaudela azpimarratu du: energia merke eta ugariaren garaia, hain zuzen. “Gurea inoizko energia gehien kontsumitzen duen belaunaldia da. Kontsumitzen den energia gehiena petroliotik dator, alde handiz. Eta, gaur gaurkoz, petrolioa ordezkaezina da. Aldiro-aldiro soluzio magiko moduko bat saltzen digute, baina petrolioak ez du ordezkorik. Askok teknologiaren garapenean jarri dute itxaropena, baina gaur egun ez dago mirari teknologikorik”.

Lurrak bizi duen tenperatura igoeraren ondorioak ere aztertu ditu. “Mendea amaitu aurretik Lurraren tenperatura lau gradutan igo daitekeela diote adituek. Mende amaiera urrutik dagoela ematen du, baina gaur jaiotzen diren umeak ondo-bidean mende amaiera biziko dute. Lau gradu igotzeak ez du esan nahi gaur 12 gradu egiten baditu mende amaieran 16 gradu egingo dituela. Giza gorputzarekin alderatu behar dugu planeta. Zer gertatzen zaigu guri gorputzeko tenperatura lau gradutan igotzen zaigunean? Hor dago erantzuna. Lurraren kasuan, gainera, argi izan behar dugu ondorioak atzeraezinak liratekeela”.

Klima aldaketaren aurkako borroka klase borroka ere badela nabarmendu du Mikel Gomezek. “Planetak guztion oinarrizko beharrak ase ditzake, baina ez du ematen Iparraldeko klase ertain-altuen bizimodua orokortzeko. Guztion beharrak bermatzeko, inoiz ez bezala banatu beharko ditugu baliabide gero eta urriagoak, jabe handiak desjabetuz. Gainera, auzitan jarri behar genuke jabetza pribatuaren eta merkatuaren nagusikeria, eta beharrak asetzeko beste bide batzuk indartu: ondasun komunak, zerbitzu publikoak, kontsumo partekatua... Murriztea eta banatzea buruan, elkarlanerako arrazoi onak ditugu mugimendu ekologistak eta langile mugimenduak”.

“Desadostasunak izango ditugu, noski. Esaterako, industria kutsatzaileak eta azpiegiturak murrizteak lanpostuen galera eragin dezake. Ezin dugu ahaztu, hala ere, bestelako lanpostuak sor daitezkeela baliabideak beste nonbait erabilita. Gainera, gaurko lanpostuek ez dute bide luzerik, oinarri ekologikoa higatuz mantentzen badira. Epe luzea buruan, kontraesana ez da langileen eta ekologisten artekoa, gaurko eta biharko interesen artekoa baizik. Horrela, ekologismoak oso gogoan izan behar luke klase ikuspegia, ingurumenaren izenean neurri erregresiborik ez babesteko; eta langile mugimenduak, aldiz, erne ibili behar luke, enpleguaren izenean txikiziorik ez zuritzeko”.

Hemen Mikel Gomezen aurkezpena:

Yayo Herrerok hitza hartu eta berehala, naturaren menpe gaudela ohartarazi du, ekonomia konbentzionalak ahaztu duen arren. “Ez dago ekonomiarik ezta teknologiarik ere, naturarik gabe, eta natura eta planeta finituak dira, muga daukate. Itxuraz, planteamendua sinplea da: ekonomia konbentzionalak gero eta ondasun natural gehiago erauzi behar baditu sostengatzeko, baina ondasunak bukatzeko zorian badaude, arazo larria dugu; hori bai, klima-aldaketaz haratago doan arazoa da. “Erronka ez da klimatikoa edo soziala bakarrik, zibilizazio-krisi baten aurrean gaude. Arriskuan dagoena ez da planeta, gizakion bizitza baizik”, dio Herrerok.

Azpimarratu duenez, herrialde aberatsek aspaldi gainditu zuten beren lurraldeetan petrolioa erauzteko muga. Petrolio konbentzionalaren gailurra 2005ean lortu zen; petrolio guztien erauzketaren maximoa, 2018an; eta energia posible guztiena, berriz, 2020an. “Horrek ondorio izugarriak ditu petrolioaz elikatzen den mundu batean”, kexu da Herrero. Adibide bat jarri du. “Planeta osoak EHko edo Espainiako Estatuko bizimodu bera izango balu, hiru planeta beharko genituzke. Norvegiako edo Suitzako bizimoduaz ari bagara, lau”. Izan ere, hainbestetan hauspotu den ekonomia berdea -Suitzakoa edo Noruegakoa, adibidez- deslokalizazioan oinarritzen da, hau da, “dinamika kolonial eta bidegabe batean”. Horrela, mendebaldeko enpresa transnazional handiek Siria, Libia, Venezuela edo Afganistanera jo dute bertako ondasunak erauztera, herrialde pobretuak eta bertako biztanleak are gehiago pobretuz.

Horren aurrean, Yayo Herrerok argi dio: deshazkundea saihestezina da. Dioenez, ez dago negazionistarik, justizia soziala eta berdintasuna ukatzen duenik baizik. Deshazkundea, beraz, saihestezina da. “Ez ikusiarena egiten badugu, faxismora joko dugu; izan ere Mendebaldeko herrialde aberatsetako bizimodua mantendu nahi izateak beste lurralde batzuk arpilatzea dakar, eta bertan bizi direnak baztertzea, baita hiltzen uztea ere”. Deshazkundea onartzean, berriz, onartu beharko dugu orain arte eraman dugun bizimoduak arriskuan jarri gaituela. Era berean, asumitu beharko dugu 80ko hamarkadaren amaieran eta 90eko hamarkadaren hasieran bultzatutako garapen jasangarriaren politikek dagoeneko ez dutela balio.

Horrela, deshazkundean oinarrizkoak diren hiru printzipio nabarmendu ditu. Lehenik eta behin, onartu beharko da herrialde batzuek euren pribilegioei muzin egin beharko dietela, beste batzuek bizi kalitatea izan dezaten. Erantzukizuna denona bada ere, asimetriko dela onartzen du. Bigarrenik, aberastasuna eta betebeharrak birbanatzea premiazkoa dela dio. Betebeharrei buruz hitz egiten duenean, bizitzaren zaintzaz ari da. Historikoki emakumeen bizkar utzi den lan hori denoi dagokigula azpimarratu du: Administrazioak, gizartea... Hirugarrenik, Herrero bizitzaren zaintzaz mintzo da, denok bizitza duinak izateko eskubideaz. Eztabaida horretan erakundeek, sindikatuek eta gizarteak, oro har, funtsezko papera dutela dio. “Eztabaida batzuk konplexuak eta banaezinak dira. Planetaren sostengarritasuna bermatzea eta hile bukaerara duin heltzeko moduko soldata izatea, biak ala biak, eztabaida banaezinak dira”, dio. “Hitz egin dezagun biosferaren mugez eta oinarrizko beharrizanez, lotuta baitaude”.