AHTren diru xahutzea eta gezurrak

2018/07/20
Europako Kontuen Epaitegiak argitaratu berri duen txostenaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak AHTa mistoa izango dela eta bidaiari kopuru nahikoa ez izatea merkantziekin konpentsatuko dela esaten jarraitzen du. Lehiakortasun Sailburu Arantza Tapiak egiten dituen kalkuluak asko gerturatzen dira 9 milioira (8 milioi bidaiari izango dira bere ustetan). Euskal Y-a errentagarria ez dela esaten duen txosten bat agertzen den bakoitzean, Eusko Jaurlaritzak datu berri bat ateratzen du kontrakoa baieztatzeko.

 

Europako Kontuen Epaitegiak abiadura handiko trenbide sarearen inguruko txosten bat argitara atera berri du. Txosten honen ondorio nagusiak hauek dira:

  • Gaizki konektatutako trenbide sare nazionalen mosaiko bat eraiki da.

  • Abiadura handiko lineak eraikitzeko erabakia politikoa da sarritan, eta ia inoiz ez da kostu-onura analisirik egiten erabakiek oinarri errentagarri bat izan dezaten.

  • Abiadura handiko trenbide azpiegitura garestia da: auditatutako lineen kostua 25 milioi euro kilometrokoa da.

  • Ditugun trenbide arrunten lineen modernizazioa kontuan hartzeak milioika euro aurreztuko lituzke.

  • Gainkostuak eta atzerapenak ohiko egoerak izan dira, eta ez salbuespenak.

  • Auditatutako linea eta mugaz-gaindiko lotura gehienek ez zuten nahikoa bidaiari potentzial bere influentzia zonaldean (9 milioi bidaiari behar dira linea bat errentagarri izateko).

Ikusten den bezala, abiadura handiko trenari osoko zuzenketa bat da, guztiz ezbaian jartzen da. Baina gainera, txostenak zehazki Euskal Y-a aipatzen du. Kritika orokor honen testuinguruan kokatu eta gainkostuen adibide garbia izaten ari dela baieztatzen du. Euskal Y-a Frantziarekin lotzeko dagoen proiektu falta da aipatutako gabezia honen adierazle nagusia, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak onartu nahi ez duen.

Txosten honetan ez da merkantzien garraioa aipatzen, ez baita munduko inongo AHT linearik horretarako erabiltzen, are gehiago, azterketa eta txosten ugari daude merkantziak garraiatzea posible ez dela esaten dutenak. Azkena espainiar sustapen ministro ohia izan zen. Baina Eusko Jaurlaritzak AHTa mistoa izango dela eta bidaiari kopuru nahikoa ez izatea merkantziekin konpentsatuko dela esaten jarraitzen du. Lehiakortasun Sailburu Arantza Tapiak egiten dituen kalkuluak asko gerturatzen dira 9 milioira (8 milioi bidaiari izango dira bere ustetan). Euskal Y-a errentagarria ez dela esaten duen txosten bat agertzen den bakoitzean Eusko Jaurlaritzak datu berri bat ateratzen du kontrakoa baieztatzeko.

AHTren benetako gainkostua % 16koa da Gipuzkoako zatian (Eusko jaurlaritzak kontrolpean duen zatian), nahiz eta Tapia Sailburuak % 8a dela esan, eta gehitzen du guztiz onargarria dela. Ez duena esaten zera da, onargarria eta ordaingarria dela murrizketak eginez, orain arte egin den bezala. Ez dago azken 10 urtetako aurrekontuak ikustea besterik.

Berriro ere Eusko Jaurlaritza jakinaren gainean ari da gezurrak esaten. Baina aitortzen ez duten interesa, negozioarena, gailendu egiten da. Horixe erakusten du beste azterketa batek ere, Espainiako Geografoen Elkartearenak. Honen arabera, Estatuko AHTn egon den diru xahuketa azken 20 urtean 26.240 milioi eurokoa izan da. Honi gehitu behar zaizkio autobia eta autopistetan xahutu diren 5.952,6 milioiak, eta portu eta aireportuetako beste 9.512,2 milioiak.

Estatuko azpiegitura eredua, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako gobernuak ere defendatzen dutena, zer behar den pentsatu gabe eraikitzean oinarritzen da. Ez da inongo iraunkortasun ekonomiko, sozial edo ingurugirokorik duen aztertzen. ELAk urteak daramatza hau salatzen eta alternatibak badirela defendatzen. Benetako trenbide soziala da alternatiba. Pertsonen zerbitzura egongo den trenbidea, lurralde barneko eta kanpoko loturak bermatuko dituena, eta benetan erabilera mistoa izango duena (merkantziak eta bidaiariak). Hau da etorkizuneko eredua eta ez AHT, eraiki aurretik baitakigu AHT dela dagoen eredu okerrena.