Beroaldiek hilkortasuna areagotuko dute

2017/05/10
Gero eta ikerketa zientifiko gehiagok frogatzen du batetik klima aldaketa gertatzen ari dela (giza-jarduerak eragindako berotze globala), eta bestetik, horrek biztanleriarengan kalte handia eragiten duela. Hain zuzen, BC3 klima aldaketaren ikerketarako euskal zentroak horri buruzko azterketa baten berri eman zuen Bilbon izan zen Klimatek foroan. Lan honetan kopuru zehatzak aipatzen dira EAEn 80 urterako proiekzio batean gerta daitekeenaren inguruan: Zuzentzeko neurririk hartu ezean, 2020tik aurrera beroaldiek hilkortasuna %58 gehitzea ekar lezakete, agertokirik okerrenean.

Agertokirik okerrena zein litzateke? Ikerketa honen arabera, berotegi-efektua eragiten duten gasak neurririk gabe gehitzea, hauek mugatzeko politikarik ez delako erabaki. Halako baldintzetan eragina 2050era arte inpaktua konstantea izango da, eta hortik aurrera mende erdiz gorakada handia izango du. Agertokirik ezkorrenean, hilkortasuna Bilbon %13 eta %54 bitartean gehituko litzateke; Donostian, %18 eta %58 bitartean, eta Gasteizen %46 eta %54 bitartean, 2020-2100 epealdian.

Ikerketak beroaldien ondorioak aztertzen ditu; hauek dira, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, muturreko fenomeno meteorologikorik arriskutsuenetakoak, eta pertsonen osasunari kalterik handia egiten diotenak. Beroaldiak datozen hamarraldietan gero eta sarriagoak, gogorragoak eta luzeagoak izango dira, NBEko adituek ohartarazi dutenez. Hau da, beroaldien artean tarte handiagoa izango da, baina latzagoak eta luzeagoak izango dira.

Beroaldien arazoari aurre egiteko eta aipatutako kalterik eragin ez dezaten, ikerketak dioenez alerta goiztiarreko sistemak oso efektiboak omen dira. Muturreko tenperaturen ondorioak leuntzeko biztanleriari oharrak igortzea, alerta ematea, aholku eta emergentzia neurriak azaltzea… Hau oso modu egokia omen da, ikerketak dioenez, onura baitakarte klima aldaketarik gabeko egoeretan, nahiz aldaketa gertatzen den agertoki desberdinetan.

Haatik, alerta sistema hauek gorabehera, erabakigarria litzateke erabateko aldaketa eragitea produkzio, banaketa eta kontsumo sisteman. Denbora ahitzen ari zaigu, eta erabakiok hartzeko borondate politikorik ez dagoela gero eta ageriago ari da geratzen.