COP27 Klimaren Goibilera, ekofeminismotik begiratuta, are okerragoa da

2023/01/16
COP27aren balorazioa egin genuenean lotsagarritzat jo genuen han sinatutakoa. Goibilera hauek krisi ekosoziala sakondu besterik ez dute egiten eta horregatik beti aldarrikatu dugu justizia klimatikoa. Baina justizia klimatikorik ez dago feminismorik gabe.

 

Justizia klimatikoa klase borroka ere badela sarritan esan dugu, baina borroka feminista ere bada. Ekologismoak gainditu ezin dugun sabaia zehazten digu eta feminismoak gizarte osoak izan behar lituzken oinarrizko gutxiengoak zehazten dizkigu. Justizia soziala eta justizia klimatikoa bi muga hauen artean egon behar da, eta momentu honetan ez da betetzen ez bata ez bestearekin. Horregatik gure borrokak ertz asko ditu, baina aldarrikapan berak.

Aurrekairik ez duen krisi ekosoziala bizi dugu, ia inork ez gu zalantzan jartzen zer nolako arriskuan gauden. Baina arrisku horrek ez gaitu denoi berdin harrapatzen, ez indar berarekin ez abiadura berean, bizi dugun esplotazio mailaren araberakoa da. COP27an argi ikusi zen “soluzioak”ere, ez direla denontzat.

Goibilera hauek baloratzeko ikuspuntu ezberdinak daude, baina batek ezinbestekoa izan behar du, ekofeminismoak. Ekofeminismoak estruktura kultural, politiko eta ekonomiko bat salatzen du. Estruktura horrek ekosistemak suntsitu eta komunitateak desartikulatzen ditu, eta pertsonen bizitzetan indarkeriaz aritzen da. Berdintasun eta ingurumen irizpideak aplikatuz soilik lortuko dugu logika hau irauli eta krisi ekosozialari justiziaz aurre egitea. Baina egun politika publikoak garatzen dituzten agintariak ez dute hau egiteko intentziorik.

COP goibilerak hiru ardatz izaten ditu: kalteak, ardurak eta hartu beharreko neurriak. Eta begirada ekofeministaz aztertzea ezinbestekoa da.

Klima aldaketari eta krisi ekologikoari loturiko kalteak klase, arraza eta generoaren arabera ezberdin pairazen dira. Egoera honetan, emakumeek bizitzeko baldintza okerragoak dituzte. Arrazoi nagusiak: arrisku egoeretan autonomia gutxiago izatea mugikortasunean eta erabakiak hartzean, zailtasunak kolektiboki kudeatzeko botere eta formakuntza gutxiago izatea, eta behartutako zaintza ardura handiagoak izatea. Guzti hau larriagotzen du zerbitzuak eta laguntzak eskuratzeko aukera txikiagoa izateak. Hondamendiak daudenean argi ikusten da egoera zaurgarriago hau, hilkortasun handiagoa baitute emakumeek. 1991n Bangladeshen izandako zikloin hildakoen %90 emakumeak izan ziren. Baina zaurgarritasun hau egunerokotasunean ere atzematen da, emakumeen bizitzetan lurraren gehiegizko esplotazioa, baliabideen gutxitzea, arrazakeria eta prekarietatea ere gurutzatzen dira. Elikagaien industrian ari direnen kasua esanguratsua da, baina badaude hain begibistan ez dauden egoerak baina larritasun bera dutenak: zerbitzu publikoen etengabeko suntsitzea zaintza modu oso prekarioan asumizen denean, edo emakume askorentzat energia edo elikadura osasuntsua izateko aukera gero eta zailagoa izatea.

Ardurak aztertzerakoan, begibistakoa da klima aldaketa batzuk eragiten dutela eta eraginak beste batzuk pairatzen dituztela. Krisi ekosoziala sistema kapitalista, patriarkal eta kolonialen eragin zuzena da. Sistema hauen arteko erlazioaren ondorio dira guztiz jasaenizak diren sektoreak: armagintza, estraktibismoa, nuklearrak edo industria kimikoa adibidez. Agroindustria eta finantza sektorea ere krisiaren oinarrian daude. Jarduera ekonomiko hauek berotegi efektuko gasak eta hondakin asko isurtzen dituzte, ekosistemak suntsituz eta klim aldaketa eragitenez. Jarduera hauek mantentzeko ezinbestekoa dute langileak esplotatzea eta dohako erreprodukzio soziala. Eredu honen guztiz aurkakoa aurkitzen dugu enplegu feminizatuetan eta erreprodukzio sozialerako lanetan. Konfinamentuan argi geratu zen azken hauek direla bizitzak sostengatzeko eta pertsonen oinarrizko beharrak asetzeko beharrezkoak direnak, eta gainera material eta energia behar gutxieneko sektoreak direla. Lan hauek zailtasun egoeran komunitatea sostengatu dute. Baliabide energetikoak eta materialak urriagoak diren garaietan ere antolaketarako estrategiek emakumeak dituzte protagonista. Horregatik, krisi honi eta energia fosilekiko dugun menpekotasunari aurre egiteko ekonomia feministak garatzen dituen eta bizitzaren sostenguari erantzuten dien produkzio eta erreproduzio sistemetan oinarritu behar gara.

Azkenik, hartu beharreko neurriei dagokienez, azpimarratu behar da merkatuek eta multinazionalek ez dutela egoera hau konponduko, eta hauen ordezkari diren gobernuek ere. Beraien interesa abesrastasunaren pilaketa besterik ez da, bizitzak aurrera eramateko oinarrizko baldintzak arriskuan jarri behar badituzte ere. Emakumeak borroka hauetan lehen lerroan daude, komunitateak bizitza duinak izan ditzan eta planetaren mugetara egokituta. Hegoalde globaleko emakume nekazariak extraktibismoaren aurka egiten ari diren borroka adibide garbia da. Hartu beharreko neurriak zorrotzak eta berehalakoak izan behar dira, eta pertsonen eta planetaren beharretan oinarrituak.

 

Krisi ekosozialari klabe feministan aurre egin behar diogu, interes kolektiboei eranzungo dien ekimen inklusiboekin. Horregatik da garrantzitsua feminismoa presente egotea prozesu ekosozial justuen kudeaketan eta erabakiguneetan egotea, hala izan behar zen COP27an, eta hala izan behar da gainerako politika publikoetan ere.