Gipuzkoako hondakinak ez erre, ez hemen ez inon

2018/06/20
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi berri du Gipuzkoan tratatu ezin diren hondakinak Bizkaira eramango dituela tratatzera. Bizkaiko Foru Aldundiak erabakiko du zein tratamendu eman, eta ziurrena Zabalgarbin erreta eta errauts toxikoek Artigas bezalako zabortegi arrunt batean bukatuko dute. Soluzio guztiz arduragabea Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta onartezina iraunkortasunaren ikuspuntutik.

Gipuzkoako Foru Aldundiak tamaina honetako erabakia hartzeko eman dituen arrazoiak hainbat izan dira, eta guztiak onartezinak. Gertaera eta adierazpen hauen aurrean ezin dugu isilik geratu. Dagoeneko publiko egin dugu gure salaketa, eta hitz hauen bidez zabalago azaldu nahi dugu.

Batetik, eta azken hamarkadan gehien erabilienetako bat, hondakinak tratatzeko Gipuzkoan dugun beste herrialdeekiko menpekotasuna da, oso egoera larria Foru Aldundiaren ustetan. ELAren aburuz, ordea, hondakinak tratatzeko beste herrialde baten menpe egotea ez da larria, are gutxiago afera honetako gauzarik larriena. Larriena hondakinak erraustegi batera eraman eta han erretzea da, erraustegia non dagoen kontuan izan gabe. Erraustegiak ez dira onargarriak inon.

Bestetik, hondakin hauek Gipuzkoan bertan ezin tratatzearen errua tratamendu planten eraikuntza geldiaraztea erabaki zuenarena da. Hau da, EAJk eta PSEk osatzen duten Foru Gobernuarena. Bazegoen Gipuzkoan hondakinen frakzio guztientzat tratamendu plantak eraikitzeko proiektua, eta bertan behera utzi zuten erraustegia eraikitzeko. Edo, beraiek jarri dioten izena erabiliz, Gipuzkoako Ingurumen Gunea eraikitzeko.

Erabaki hauen guztien atzean erraustegia bai ala bai eraikitzeko EAJk eta PSEk izan duten jarrera dago. Hori da beraien interes nagusia, ez menpekotasuna gutxitzea, ezta iraunkortasuna bermatzea ere. Negozioa egitea da lehentasuna.

Bi Foru Aldundiak hondakinak nola tratatu negoziatzen egon diren bitartean egin dituzten adierazpenak aztertuz, edonork pentsa dezake Bizkaiko hondakinen kudeaketa eredua erreferentzia ona dela beste herrialde batzuentzat. Baina errealitateak ez du zer ikusirik. Birziklapen tasa onargarrien eta eredu iraunkor baten oinarriak hondakinak sailkatuta jasotzean datza, eta datu honi erreparatuta ikus dezakegu zein egoeratan dagoen herrialde bakoitza. 2017an Gipuzkoan hondakinen % 53 bildu zen selektiboki, eta Bizkaian, berriz, % 44a jaso zen bereizita. Biak ala biak datu kaxkarrak dira, baina badago erreferentziatzat hartu daitekeen eredurik gure inguruan: 2017an Gipuzkoako Debagoiena eskualdean hondakinen % 79a jaso zen berezituta. Hau bai dela benetan kontuan izateko kudeaketa eredua, derrigorrez hondakinak bereiztea eskatzen duena. Beti esan dugun bezala, gakoa derrigortasunean dago, horrek bermatzen baitu benetako birziklapen tasa onargarri batera iristea, eta ez 5. edukiontzi bat kalean jartzea hondakin organikoentzat (gehien sortzen den hondakin mota), norbaitek erabili nahiko balu aukera izan dezan.

Europako legedia bete behar dela ere aitzakia gisa entzun dugu sarritan, batez ere erraustegia justifikatzerako garaian. Bai Gipuzkoan baita Bizkaian ere errausteari balorizazio energetikoa deitzen diete, energia ateratzen delako hondakinak erraustetik, eta Europako legediak hala deitzen dietelako. Baina Zabalgarbin egiten dena ez da balorizazioa, gas naturala erabiltzen baita hondakinak erretzeko, eta bertatik eratorritako energia ez da beraz hondakinetatik ateratzen. Nahi dituzten tranpak egiten dituzte justifikatzeko, baina hau ez da balorizazioa. Are gehiago, gas naturaletik eratorritako energia ez da berriztagarria, beraz ingurumen ikuspuntu batetik Zabalgarbik birritan jotzen du ingurumenaren aurka. Lehenik beste erabilera bat izan dezaketen materialak errauts toxiko bihurtzeagatik, eta bestetik gas naturala errez energia ez berriztagarria sortzeagatik. Balorizazioa ez bada, erraustea da. Eta erraustegiak zabortegien maila berean daude hondakinen hierarkian. Beraz, biak tratamenduen maila berean egonik ez dute lehentasunik bata bestearen gainean, horrela sinestarazi nahi izan diguten arren. Europako legeak duen beste arauetako bat hondakin organiko guztiak modu bereizian bildu eta tratatzea da, eta hau ez da egiten Gipuzkoa eta Bizkaiko lurralde osoan egiten. Eta azkenik Europako lege hauste larriena, zabortegira edo erraustegira doan edozein hondakin aurretik tratatu behar da. Eta nola egingo da hau, Gipuzkoan Foru Gobernuak berak tratamendu plantak geldiarazi bazituen? Ez dezatela Europako legedia aitzakiatzat erabili, ez baitute inondik inora betetzen.

ELAk badu alternatiba hondakinen kudeaketa eredu kaltegarri honen aurrean. Lehenik eta behin, hondakinen kudeaketa iraunkor bat, zero zabor helburuarekin. Hau da, ahal den guztia birziklatzea, eta birziklatzen ez denari erraustea edo balorizazio energetikoa ez den irteera bat ematea (zabortegi ez kutsatzaileak, diseinu aldaketak,...). Eta noski, erraustegirik ez, ez Gipuzkoan ez inon. Herritarrok modu arduratsuan kontsumitu eta hondakinak ahalik eta gehien berrerabili eta birziklatzeko ardura dugun arren, gure instituzioek aurrera eraman beharreko politikak dira helburua betetzea baldintzatzen dutenak. Negozioa bada helburu nagusia, sekula ez dugu zero zabor helburua lortuko, ez dutelako baliabide nahikorik jarriko eta gainera oztopoak jarriko dituztelako. Gipuzkoan eta Bizkaian hori ari da gertatzen.

Baina badira gure inguruan lurraldeak, errealitate berbera izanik, hondakinen kudeaketa eredu ezberdina aurrera eramaten ari direnak. Nafarroan onartu berri duten Hondakinen Legea adibide bat da. Euskal Herrian dugun errealitatearekin, dugun kontsumo eta ekoizpen ereduarekin, beste era bateko hondakinen kudeaketa bat egitea posible da. Emaitza zehatzik oraindik eduki ez arren, neurriak iraunkortasuna mesedetan hartu direla esan dezakegu. Hartu diren neurrien artean daude hondakin organikoak bereizteko derrigortasuna, plastikozko poltsak dohainik ematea debekatzea, erabilera bakarreko monodosiak, kapsula, plater, edalontzi eta antzekoen salmenta debekatzea, ostalaritzan iturriko ura dohainik eskaintzea, administrazio publikoetan erosketa berdea bultzatzea... Fiskalitateari dagokionez, eta kudeaketa berri hau finantzatzeko, zabortegietara eta erraustera eramandako tona bakoitzeko zerga ordaindu beharko da, baita garraiatzen diren hondakinengatik ere.

Nafarroako Parlamentuak onartu berri duen Hondakinen Legea aurrerapauso bat da, eta gainontzeko herrialdeek erreferentziatzat hartu beharko lukete. Beste modu bateko hondakinen kudeaketa ereduak posible direla demostratzen du.