Inoiz ez zen glifosatoaren erabilpena onartu behar

Mundu osoan glifosato tonak erabiltzen dira nekazal lurretan, parkeetan edota gure etxeetako lorategietan. Lurrean erabiltzen denean filtratu eta ura ere kutsatzen du. Sustantzia honek lurrean eta uran irauten du elikadura katera iritsiz; gure platera eta edalontzietara pasatzen da, gure gorputzetan bukatzeraino.
OME, Osasunaren Munduko Erakundeak, minbizia eragin dezakeen sustantzia gisa definitzen du glifosatoa. Beste ikerketa batzuek ugalkortasunean ere ondorioak dituela ondorioztatu dute. Arriskuan daudenen artean dira nekazaritzan aritzen diren pertsonak, nekazal lurren inguruan bizi direnak, eta baita fetoak eta adin txikikoak ere. Arrisku talde hauetaz gain, pertsona guztiak gaude eraginpean elikaduraren bitartez. Ingurumenean ere baditu eragin kaltegarriak. Lurrak eta ura kutsatzen ditu, eta biodibertsitatea murrizten du.
Urteak dira Europan glifosatoaren erabilpena baimendu zenetik. Eta 2017an baimena luzatu zen 2022 arte. Baina orain epaitegi frantsez batek Roundup (Monsantok glifosatorentzat duen marka komertziala) debekatu du pertsonentzat arriskutsua den eta minbizia eragin dezakeen sustantzia dela argudiatuta. Gehitu duenez, elikaduraren segurtasunerako frantziako agentziak akatsa izan zuen prebentzio printzipioaren gainetik sustantzia hau baimendu zuenean. Estatu Batuetan badira, Monsantok asmo txarrez jokatu zuela eta bere herbizidek gaixotasun larriak eragin dituztela baieztatzen duten epaiak. Epaitegietan antzeko beste 10.000 salaketatik gora daude.
Europako Parlamentuak ere haurreskola, parke, eskola edo ospitalen inguruan plagizidarik ez erabiltzeko eskatu du. Honekin batera, sustantzia mota hauen komertzializazioaren ondoren jarraipena egon behar dela aldarrikatu dute, osasunean eta ingurumenean izan ditzaketen eraginak sakonean ezagutzeko.
Baina ez al zen hobe izango plagizidak, herbizidak eta glifosatoa zalantzan jartzea Monsantori komertzializatzeko baimena eman zitzaionean? Sustantzia hauek minbizia eragiten dutela dioten ikerketak aurretik ere baziren. Prebentzio Printzipioaren arabera, Europan, sustantzia mota hauen ekoizleek osasunean kalterik eragiten ez dutela frogatu behar dute komertzializatzeko baimena lortu ahal izateko. Orain beranduegi da dagoeneko. Pertsonak gaixotu izanak argi utzi du sustantzia hauek minbizia sortzen dutela. Hain kezkatuta badaude, zergatik ez dituzte jada debekatu?