Klima aldaketa ez da beste arazo bat, klima aldaketa arazo nagusia da

2019/06/11
Ekainaren 5ean Ingurumenaren Nazioarteko Eguna pasa berria izanik, ezin dugu klima aldaketa ez den ezeri buruz hitz egin. Aldaketa klimatikoa beste arazo askoren atzean dago: lehorteak, uholdeak, biodibertsitatea galtzea, itsas maila handitzea, baliabide naturalak eskuratzeko gatazkak...

 

Baina klima aldaketaren ondorio bat oso gutxi aipatzen da, errefuxiatu klimatikoak dira. Zenbait datu baditugu, eta agerian uzten dute arazoaren larritasuna eta datorkigun etorkizuna:

  • Klima aldaketa faktore ekonomiko eta politikoak baino garrantzitsuagoa da migrazioentzat (OCDE).

  • 2018an 17 milioi desplazamendu eragin zituzten hondamendi naturalek eta klima aldaketaren ondorioek (Global Report on Internal Displacement 2019).

  • Klima-aldaketak Estatu espainiarrean milaka pertsona mugiaraziko ditu lurrak basamortu bihurtzeagatik (Egokitzearen Oinarrizko Azterketa, Andaluziako Junta).

  • Klima aldaketak munduan 140 milioi pertsona kanporatuko ditu datozen 30 urteetan (Munduko Bankua).

  • 2050ean klima aldaketaren ondorioz desplazatuko direnak 250 milioi izatea aurreikusten da (NBE).

Klima aldaketaren ondorioz milioika pertsonek beraien bizimodua galtzen dute. Klima aldaketak nekazaritzan ondorio larriak eragiten ditu, emankortasunaren eta errendimenduaren murrizketa, gosea zabalduz eta populazioa desplazatuz.

Beroketa globalak gerrak ere eragiten ditu. Lehortea eta nekazaritzaren gainbehera eragin zuen Sirian, egoera honek ezegonkortasuna eta azkenik gatazka ekarri zituen, eta aldi berean milioika pertsona desplazatu zituen. 2003an pentagonoak eginiko txosten batek aurreikusi zuen Sirian gertatuko zena. Klima aldaketak arrisku handia suposatzen du planetaren egonkortasun sozial, ekonomiko eta politikoarentzat.

NBEren nazioarteko migrazioei buruzko azken azterketaren arabera, munduko populazioaren %3,3a, 250 milioi pertsona inguru, migratzaileak dira. Txosten honek migrazioa areagotzen ari dela ere ziurtatzen du, 2050ean munduan nazioarteko 450 milioi migratzaile izango direla aurreikusiz.

Baina errefuxiatu klimatikoei buruz gutxi hitz egiten bada, are gutxiago hitz egiten da justizia klimatikoari buruz. Justizia klimatikoa “ingurumen justiziaren atal bat da, zeinek pertsona eta herrialde guztiek tratu justua izatea defendatzen duena, baita klima aldaketaren arazoari aurre egiteko proiektu eta erabakietan diskriminazioak ekiditen dituena ere. Kontzeptu oso garrantzitsua da, are gehiago jakinda klima aldaketaren arazoa eragiten duten berotegi efektuko gas isurien ardurarik ez dutenak direla klima aldaketaren eraginak sufritzen dituztenak”.

Norbait geratzen bada oraindik ere klima aldaketak eragiten ez diola pentsatzen duenik, gero eta argumentu gutxiago geratzen zaizkio. Klima aldaketa gehien eragiten duen munduaren aldean bizi gara, baina aldi berean eragin gutxien sufritzen dugunak gara. Injustizia letra larriz idatzia. Justizia klimatikoagatik onartu behar dugu arduradunak garela. Beharrezkoa da maila indibidualean neurriak hartzea, baina klima aldaketaren sortzaile handiak industria kutsatzailea eta ekoizpen eta kontsumo eredua aldatzea beraien eskuan duten baina horretarako erabakirik hartzen ez dituzten gobernuak dira. Aukera dugun momentu eta leku guztietan exijitu dezagun neurri zorrotzak hartzeko berandu izan baino lehen.