Klima Aldaketaren Goi Bileran akordio gehiago, baina neurri gutxiago

2018/12/17
Urteroko Klima Aldaketaren Goi Bilerako emaitza baloratzen dugunean, aurtengoaren ondorio berdinetara iristen gara: ez da nahikoa. Ez dugu hau kontra egite hutsagatik esaten, datuetan eta ikerketa zientifikoetan oinarritzen gara.

 

Urtero berotegi efektuko emisioak gorantz doaz, urtero errekorrak apurtzen ari gara. Dugun BEG emisio mailarekin 3-4 graduko beroketa globala sufrituko dugu (dute) 2100 urterako. 2015ean adostutako Parisko Akordioak beroketa 2 gradura mugatu nahi zuen. Baina Negoziaketen oinarri zientifikoa den IPCCren txostenak beroketa 1,5 gradura mugatzea eskatzen du bestela aldaketa larriagia izango delako. Dagoeneko planetaren tenperatura gradu bat igo da, horregatik diogu klima aldaketa jada hemen dagoela eta berandu baino lehen hartu behar direla neurriak, eta IPCCk dioen bezala, inoiz hartu ez diren bezalako neurri zorrotzak izan behar dira. Klimaren aktibistek dioten bezala, 1,5 graduko beroketaren muga ez pasatzea izango da giza eskubideak bermatzeko modu bakarra.

Polonian bukatu berri den COP24 klimaren Goi Bileran bi asteko negoziazioak izan dira. Mahai gainean espero ditugun helburuetatik oso urrun aritu dira. Klima aldaketa bera eta egoeraren larritasuna eztabaidagai izan dira, oraindik ere. Petrolio ekoizle handien helburua ebidentzia zientifikoak akordiotik kanpo uztea izan da. Eta baita lortu ere. Adostutako deklarazioan etorkizunerako berotegi efektuko gasen murrizketa zehatzak, zenbaki konkretuekin adieraziak, kanpoan geratu dira. Gomendio huts batean geratu da, herrialdeei eskatzen zaie IPCCren txostenaren emaitzak kontuan hartzeko, besterik ez. Klima aldaketaren aurrean zaurgarriak diren herrialdeak, kalterik larrienak pairatzen ari direnak, alde batera utzi dira.. Europar Batasunaren barruan dagoen haustura ere begibistakoa izan da, herrialde batzuek konpromiso anbiziotsuagoak eskatzen zituzten bitartean beste batzuk ez dute uste berain lurraldean klima aldaketa sufrituko dutenik.

Goi Bilerako Presidentea izan den Michal Kurtykak “Katowizeko Klimaren Neurri Sorta”, horrela deitzen da adosturiko testua, 2020an itxi behar den akordio berrirako bide ezin hobea dela esanez itxi du COP24. Baina ez, aurtengo akordioaren balorazioa betikoa da, onartu diren neurriak ez dira benetako konpromisoak eta ez dira nahikoa izango Parisko Akordioa betetzeko. Eta are gutxiago hurrengo urteetarako behar dugun prozesu anbiziotsu eta loteslea martxan jartzeko.

COP24ak ez du nahi emisio murrizketez hitz egin, baina ELAk bai. IPCCk dio 2050 urterako emisioak %45 murriztu behar direla. Ba 11 urte geratzen zizkigu.