Lurralde Antolaketarako Gidalerro berriek hutsune handiak dituzte

2018/06/13
Lurralde Antolaketarako Gidalerro (LAG) berrien aurreproiektua atera berri da EAEn eta ELAk bere balorazioa egin du gidalerro hauek babesten duten lurralde ereduaren inguruan. Ez gatoz bat bultzatzen duen ereduarekin eta hutsuneak dituela uste dugu.

 

Aurreko LAG proposamenarekin alderatuta aurrerapauso batzuk egin badira ere, oraindik badaude aldatu beharreko irizpide asko. ELAren balorazioa egiteko erabili ditugun irizpideak, lurralde antolaketarako edozein plangintzak bete behar dituenak dira: iraunkortasuna, pertsonen ongizatea eta justizia soziala.

  • Aurrera pauso gisa aipatu daiteke hiri eremua ez den lurraldeari ez zaiola dagoeneko balio ekonomiko soila ematen, beste balio eta behar batzuk ere aitortzen zaizkiola: ekosistemen zerbitzu izaera, landa ingurunea bereziki ageriko egitea, lurzoruaren erabilera optimizatzea eta berroneratzea lehenestea eta baliabideen kudeaketa iraunkorra ardatz izatea. Hala ere faltan botatzen dugu enplegu klimatiko edo enplegu berdeen kontzeptua barneratzea. Zonalde hauek ematen dituzten zerbitzuek (klima aldaketa geldiaraztea, gertuko elikagaien hornidura, ingurumen kalitatea hobetzea...) guztiz betetzen baitituzte enplegu tipologia honen ezaugarriak.
  • Bestalde, bizi kuantifikazioa edo tokian tokiko dagoen etxebizitza beharra zehazten duten gidalerroek higiezinen burbuila ekarri ziguten hazkunde irizpidea mantentzen dute eta ez dute etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatzen.
  • EAEn turismoa geroz eta jarduera ekonomiko garrantzitsuagoa da eta lurraldean geroz eta presio handiagoa egiten du. Azken urteetan sortu duen arazo berri bat pisu turistikoen arazoa da. LAG hauetan baliabide gisa aztertzen dira eta etorkizuneko hirigintza plangintzetan kontuan hartu behar direla zehazten du, baina dagoeneko ezagutzen ari gara zein kalte eragiten ari diren, batez ere hiriburuetan, eta beraz, LAG hauetan gidalerro zehatzak behar dira hirigintzan izan ditzaketen inpaktu negatiboak ekiditeko.
  • LAGen aurreproiektu honek lehen aldiz ekonomia zirkularra aipatzen du eta hori positiboa da, hala ere ez du nahikoa garatzen. Kontzeptu hau ekonomiaren eta industriaren trantsizio ekologikoarekin lotu behar da, beste ekoizpen eta kontsumo eredu bat izan dezagun, emisio gabea eta baliabideen erabilera iraunkorrean oinarritua. Trantsizio kontzeptua beharrezkoa ikusten dugu LAG hauetan eta ez da inon aipatzen. Ekonomia zirkularra hondakinetatik eta lurzoruen erabileratik haratago doan kontzeptua izanik, jarduera ekonomikoetan, batez ere industrian eta diseinuari loturiko jarduera berritzaileetan, aplikatu beharreko irizpidea da, eta ez da ekonomia zirkularrik aipatzen dokumentuaren beste ataletan.
  • Energiaren atala oso garrantzitsua da edozein plangintzetan. LAG hauek zehaztutako helburuak motz geratzen dira ordea dugun erronkaren aurrean. Azpimarra eraginkortasuna gehitzean eta berriztagarrien erabilera areagotzean jartzen da, eta energia berriztagarriaren sorrera aipatzen den arren kogenerazioa ere bere pare jartzen da. Gainera energia alternatiboak aipatzerakoan gas naturala ere onartzen du eta hau onartezina da, energia fosila baita.
  • Aparteko aipamena merezi du azpiegitura handien atalak. AHT funtsezko azpiegituratzat hartzen jarraitzen da. Trenaren inguruko LAGak AHTra mugatzen dira, aldirietakoak alde batera utziz, benetan lurraldea artikulatzen duen azpiegitura izanik eta populazioaren gehiengoak erabiltzen duena izanik. AHTk hiriburuen artean dagoen lurraldeari kalteak bakarrik ekartzen dizkio, desberdintasunak areagotuz: garraio publiko sarea murrizten da, ingurumen kaltea handiak jasaten dituzte eta pertsona eta ekonomia fluxuak hiriburuetan kontzentratzen dira beste zonaldeen kalterako.
  • Klima aldaketa zeharkako gai gisa hartzen da baina ez da beste ataletan aipatzen. Helburu interesgarriak agertzen dira: karbono urriko energia eredua bultzatzea, hondakinak murriztea, kontsumo arduratsua eta ekosistemen erresilientzia mantentzea esaterako. Baina helburu hauek dagozkion atalean sartu beharko lirateke: energia, hondakinen kudeaketa, ekonomia zirkularra eta landa eremuetan adibidez. Eta atal hauetan ez da nahikoa garatzen.

Laburbilduz, lurraldearen oreka eta kohesioa helburu izanik, ELAk exijitzen du LAGek eta hauek bultzatzen duten lurralde eredua baliabideen banatzailea izatea eta lurraldearen funtzio aniztasuna bermatzea. Horretarako elkartasuna eta iraunkortasuna LAG hauen irizpide nagusiak izan behar dira, eta hau ez da gertatzen.