Suitzak energia nuklearra baztertzea bozkatu du

2017/07/11
Maiatzaren 21ean, Suitzako biztanleen %58,2ak energia nuklearra uztearen eta energia iturri berriztagarriak garatzearen aldeko bozketa eman zuen. Bistako arrazoiengatik, herrialde askotan berri honek eragin handia izan du; aitzitik, Hego Euskal Herrian oharkabean pasa da. Baina, hala dirudien arren, erabaki hau ez da inola ere iraultzailea, kontrakoa baizik: Suitzako herriak arrazoi pragmatikoetan oinarritu du bere erabakia, baita ia duela 40 urte hasi zen tendentzia anti-nuklearrarekin koherentea izatearren ere. Inolako zalantzarik gabe, bozketa ematerakoan presente egon dira bi ideia hauek: energia nuklearra garestiegia dela eta biztanleen artean mesfidantza gehiegi sortzen duela, batez ere, Fukushimako istripu nuklearra izan eta gero.

Suitzaren helburua gaur egun, bere 2050.eko Energia Estrategiaren arabera, energiaren kontsumoa murriztea eta energia berde eta iraunkorra sortzea da. Suitzako herriaren erabaki hori mirespenez eta inbidiaz ikusi izan da kanpotik, baina kritika batzuk ere egin daitezke. Adibidez, erabakitako legea orokorregia dela, ez baitu epe zehatzik jartzen herrialdeko 5 erreaktoreak itzaltzeko.

Argi dago Suitzaren erabakia zuzena izan dela, energia nuklearraren kontrako erabakia segurtasunean eta arrazoi ekonomikoetan oinarritu arren, ingurumeneko arrazoietan baino. Guri ere gustatuko litzaiguke gai honetaz demokratikoki erabakitzeko gaitasuna izatea, Suitzako hiritarrek referendum baten bitartez egin duten bezala.

41. Ingurumeneko Buletinatik ateratakoa