PAIren ikerketa: DISPAIratea

2016/05/09
Juanpe Urabayen, ELA irakaskuntza Nafarroa
Apirilaren 26an Parlamentuan Jose Luis Mendoza, Hezkuntza kontseilariaren agerraldia izan zen. Bertan, txosten bat aurkeztu zuen eta parlamentari batek (Gobernuari sostengua ematen dion gehiengokoa) hala definitu zuen: “landua eta zehatza”.

Benetan? Zehatza? Landua? Ikus dezagun. Lehenik, iritzi-txostena dela esan beharra dago, PAIren ebaluaketa akademikoa baino lehen argitartu dena. Hau da, iritzi ikerketa egin da programaren helburuak lortzen diren ala ez ziurtatu gabe. Baliteke horrela izatea helburuak ez direlako definituak izan; ikuskariek beraiek eztabaida taldean aipatzen dute: “ inork ez daki zer eskatu behar den lehen hezkuntzako 6. mailan ezta zein kompetentzia linguistikoa ere”.

Azter dezagun ikerketaren lagina. Martxoan, ADIPNAko zuzendari buruek, zeintzuk 40 zentro ordezkatzen omen dituzte, haien bazkideei PAIren ebaluaketari boikota egitera deitu zieten, baina berdin du, hor ditugu 40 horiek eta beste 66 zuzendari gehiago (itunpekokoak barne, hauek patronalaren ordezkariak izan daitezke, ez klaustro eta ez hezkuntza komunitateko partaide). Beraz, 106 pertsona hauei galdetegia pasa zaie eta bi eztabaida taldetan parte hartzera gonbidatu. Honek esan nahi du 106 pertsonek osatutako unibertsotik denek parte hartu dutela eta pertsonaren bat gainera bi aldiz (galdetegia eta eztabaida taldea).

Haien parte hartzea gutxi balitz, Hezkuntza Departamentuak zuzendari hauei eskatu die PAI programan dauden 35 irakasle aukeratzeko eta pertsona hauekin 4 eztabaida talde egin dira. Non dago lagin aleatorio eta anonimoa? Mendoza kontseilariak azaldu beharko du zergatik 35 irakasle horiei bakarrik galdetu zaien. Txostenak berak dio 566 irakasle direla PAI programan klase ematen dutenak (1200 gehiago gaztelaniaz eta euskeraz) . Irakasle guztiei galdetzeko baliabideak izanda (zuzenean eta anonimoki), ontzat hartzen da zuzendariek aukeratutako irakasleen %2. Horregatik ELAk kontsulta hau irakaslego osari zabaltzeko exijituko dio Kontseilariari.

Gauzak horrela, nahiz eta ikerketa hau baliagarria, zehatza eta aldierazgarria ez izan, partehartzaile guztiak bat datoz hurrengo gabezi nabarmenak azaltzean

  • Zentro bakoitzak bere baliabide eta irizpideekin garatu du programa, inolako ildorik jaso gabe Departamentuaren aldetik. Ingelesez emateko aukeratutako ikasgaiak zentroetan dauden irakasleen araberakoak dira. Orokorrean astean hamaika ordu ematen dira ingelesez eta ikasleak 6. mailara iristean A2 konpetentzia lortzen omen dute (elebidunak izatetik oso urrun). Leku batzuetan ikasgai tronkalak ematen dira; beste batzuetan zailtasun mailaren arabera zatitzen da ikasgaia (onarrizko edukiak gaztelaniaz edo euskeraz eta gero ingelesez landu); ikasgaiak urtetik urtera aldatzen dira; arazoak dituzten umeei onarrizko edukietan bakarrik ebaluatzen zaie (gaztelaniaz).

  • Zentroen %60an ez dago proiektu linguistikorik.

  • Gurasoen iritzia irakasleena baino baikorragoa da. Kontraesan itzela. Irakasleek umeen benetako eduki-maila zuzenean ikusten dute, eta gurasoei oraindik ez zaie denboran zehar egindako ebaluaketa akademiko eta kontrastatua erakutsi.

  • Eta larriena, gure seme-alabak erabiltzen ari dira esperimentu-animaliak bailiran. PAI programa esperimentala zela esan zuten, baina ez zen ez esperimentu ezta kontrol talderik ere izan. Ez da bidezko ebaluaziorik egin, ez hasieran, ez bitartean eta ez geroago.

Alabaina, ez da trabarik egon Gimeno (PSN) edo Catalán (UPN) bezalako elebakar amorratuentzat PAI programa arrakasta dela esateko. Duela gutxi PAIren aurka azaltzen zirenak ere, orain ingelesaren kolonialismo linguistikoaren sareetan erori dira. Ezin ulertu bestela hauek esatea PAI ezberdintasun soziala murrizten duela. Txostenean bertan esaten da PAIk murgiltze programa hau barneratzen ez duten ikasleen konzentrazioa areagotzen duela, “getizazio” arriskuarekin zenbait zentrotan.

Hezkuntza Departamentuak PAIrekin esperimentatzen jarraituko du. Aurrera. “P'alanteison”. Behintzat astakeria honen aurka ELAk jarritako salaketaren epaiketa erabakitzen den arte.

Ander Pascual Ariz

Oihana Goiogana Bengoetxea

Juan Pedro Urabayen Mihura

Rosa Guzmán Iriarte