Cabelte-Incasako langileak greban daude azaroaren 5etik, langileriaren %30a kaleratzearen aurka

2018/11/23
Cabelte-Incasa enpresak (Egues, 81 langile plantillan) Enplegu Erregulazioko Espediente bat aurkeztu zion azaroaren 5ean Enpresa Batzordeari (ELAko 5 kide), 24 langile kaleratzeko, eta pertsona horiek ordura arte zeramaten lan-karga multinazionalaren beste lantegi batzuetara desbideratzeko asmoz (elektrizitate-klablegintza). Argi dago deslokalizazio-prozesu baten aitzinean gaudela, eta Nafarroan langileak kaleratzearen kontura egin nahi dutela.

Hori horrela, langileek mobilizaziora jo dute, hurrengo egunetan greba eginez: azaroaren 5, 14, 21, 26, 28, 29 eta 30ean eta abenduaren 4 eta 5ean.

Azaroaren 20an bilera egin zen Izaskun Goñirekin, Ekonomia Politikako zuzendari nagusiarekin, Incasako Zuzendaritzarekin harremanetan jarri eta Eguesko lantegiari irtenbideren bat bila dezaten eskatzeko. Langileek, orobat, elkarretaratze bat eginen dute Nafarroako Parlamentuaren aitzinean azaroaren 26an, astelehena.

Incasa 1995. urtean ezarri zen Eguesen, lehenagoko Reynolds-Inasa Cables-en jarduerarekin jarraikiz. Gero, 1999an Cabelte Holdingek erosi zuen, eta Cabelte, S.A. taldean txertatu zen, egoitza nagusia Oporton dutela. 2012-2013 urteetan birmoldaketa bat egin zen taldean, Portugalgo enpresen egoera txarra zela-eta; horren ondorioz Eguesko lantegia hipotekatu zuten, taldeko enpresak berrabiaraztearren Portugalen egin zituzten inbertsioen berme gisa.

2012an harturiko erabaki haiek Eguesko lantegiaren etorkizuna baldintzatu dute. Izan ere, azken urteotan autonomia galtzearen poderioz enpresako zenbait atal: merkataritza-arloa, erosketak, salmentak... deslokalizatuz joan dira arian-arian. Eta gaur egun Portugalen menpe dago zeharo, hara desbideratzen baitira orain arte Eguesen egin ohi ziren lanak. Bide horretatik, epe ertainera, Nafarroako lantegiak benetako bideragarritasunik gabe geratuko da halabeharrez.