Cabelte-Incasako langileen ordezkariek Eguesko lantegiaren deslokalizazioa salatu dute Nafarroako Parlamentuan

2019/01/10
Cabelte-Incasako ordezkariek 81 pertsona kaleratzea ekarriko duen deslokalizazioa salatu dute talde parlamentarioen aurrean, eta horrelako egoerak ez gertatzeko klase politikoaren ekintza exijitu dute.

Cabelte-Incasa enpresa Eguesen dago, 81 langile ditu, eta Enpresa Batzordea ELAko 5 ordezkarik osatzen dute.

Enpresaren jarduera kable eroale elektrikoak ekoiztea da. Eta Eguesko lantegi hori ixteko helburua zera da: hango lan-karga multinazionalaren bertze lantegi batzuetara eramatea. Argi dago, beraz, deslokalizazio-prozesu baten aitzinean gaudela, eta Nafarroako langileak kaleratzearen kontura eginen dela. Enpresa-talde horren erabakien xedea Lehiaren Auzitegiaren zehapenen ondorioak nahiz kalte-galeren erreklamazioak ekiditea da; eta horretarako, Cabelte-Portugal Taldeak berak su-ebakitzaile moduan erabiliko gaitu.

Eguesko lantegia ixtea deslokalizazio-kasu argi bat da, eta hala salatzen dugu; zeren Cabelte Holding-aren beraren eraginez sorturiko egoera baita, azken urteetan Portugalen 17 M €-ko inbertsioak egiteko apustua egin baitzuten, Egueskoa alde batera utziz.

Alde horretatik, bilerak egin ditugu Nafarroako Gobernuko Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiarekin, Izaskun Goñirekin, eta eskatu diogu bitartekaritza-lana Cabelte Taldearekin egiteko. Gure eskarien ondorioz bertze bilera bat egin ahal izan genuen hurrengo partaide hauen artean: Izaskun Goñi, Javier Zubicoa, Manu Ayerdi eta Cabelte Taldeko Zuzendaritza.

Hala ere, bilera hori egin orduko, agortua zen hasierako espedientearen kontsulta-aldiko negoziazio-epea (24 langileren kaleratzeak). Bistakoa da, beraz, Nafarroako Gobernuko Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren ahalmen urria. Ez da sinestekoa zuzendaritza horretatik egin daitekeen guztia hori denik: enpresarekin bilera soil bat egitea, hain emaitza antzukoa, zeren bileran zehar Cabelte Taldeko ordezkariek irmo jarraitu zuten lantegia Portugalera deslokalizatzeko asmoarekin.

Era berean, Eguesko alkatearekin ere elkartu gara, eta horren ondorioz sostengu-mozio bat sustatu zen udalean, eta baita interpelazio bat egin ere Eguesko Zuzendaritzari.

Haiei guztiei jakinarazi diegu Cabelte Taldearen ibilbidea eta helburua nolakoak izan diren. 2012az geroztik aritu dira antolamendu-egiturak Portugalgo egoitzetara eramaten, eta aldi berean Eguesko lantegia erabakitze-gaitasuna galduz joan da hainbat arlori dagokionez (merkaturatzea, salmentak, erosketak, ekoizpena...).

Horiek horrela, abenduaren 5ean, lehendabiziko erregulazio-espedientea (24 kaleratze) bukatutzat jo beharrean, negoziazioen norabidea erabat aldatu, eta ekoizpen-jarduera bertan behera uzteko beharrizana azaldu digute. Horrek dakar zuzenean oraingo 81 langileak kaleratzea.

Horregatik are gehiago ahalegindu behar gara, ezinbertzez, Eguesko ekoizpen-jardueraren iraupenari eutsi nahi badiogu. Ildo horretatik premiazko dei bat egiten diegu parlamentuko alderdi politikoei, deslokalizazio basati hori geldiarazteko, eta irtenbideak bilatzeko, 81 familia horiek langabezian gera ez daitezen. Sinesgaitza da Nafarroako 81 familiari ogibidea kentzea hain erraza izatea, eta legeen helburu bakarra enpresen bideragarritasuna bilatzea, multinazionalari hainbat etekin eman dizkioten langileak haien patuaren menturaz utziz.

Alderdi politikoen zeregin bakarra ezin da mugatu sostengu-mozio edo elkartasunezko agerpen soil bat egitera, Cabelte-Incasa lantegiko langileen alde. Politikarien eginbeharren artean legeak egitea da, Nafarroako gizartea eta langileria horrelako multinazionalen bidegabekerietatik babesteko. Izan ere, Nafarroako ondoz ondoko gobernuek eman dizkieten laguntza fiskal eta industrialak jaso ondoren, lantegiak deslokalizatzen dituzte irizpide argirik gabe.

Politikariek arduraz jokatu behar dute, eta beren eginkizunak betez araubide bermagarria ezarri, gertatu diren kasuak berriro gerta ez daitezen (Cabelte, Miasa, TRW, Cousin Freres, Koxka...). Autonomia-erkidego hau enpresetarako eta inbertsioetarako erakargarri egiten saiatzen diren bezala, hemen instalaturik dauden eta instalatzeko diren enpresei mezu argi bat bidaltzen saiatu behar dira: horrelako jokabideak erakutsiko dituzten enpresei garestiago aterako zaie alde egitea, geratzea baino.

Gainera, kontuan izan behar dugu langile anitz sektore jakin batean ari izan direla laneko ibilbide osoan, eta gerora begira birziklatu eta egokitu behar direla 4.0 industrian txertatzeko, Nafarroako gobernuak hainbertze sustatu duen eta enplegu-hobi jakin batzuk bete beharrez dagoen industria-mota horretan txertatzeko.

Horregatik guztiagatik aitzakiak alde batera uzteko, eta ausardiaz jokatzeko eskatzen diegu. Bertzela, bidegabekeria horiek inork geldiarazten ez dituela ikustean, eta parlamentutik ateratzen diren arauak industria sustatzeko bakarrik direla, baina enpresa bati bizialdi osoko lana eman ondoren langileak kale gorrira inolako babesik gabe bidaltzen direla ikustean, jendeak erakundeekiko atxikimendua eta konfiantza galduko ditu halabeharrez.