Ehunka lagunek lan erreforma eta negoziazio kolektiboaren erreforma bertan behera uztea eskatu dute Iruñean, ELA, CIG eta Intersindical sindikatuen artean deitutako mobilizazioen harira

2021/03/25
ELAko ehunka militantek manifestazioa egin dute Iruñean, "Sarraskiari STOP; lan erreformak derogatu. No nos vendáis en Madrid". Antzeko mobilizazioak egin dira, aldi berean, Hego Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako gainerako hiriburuetan, ELA, CIG eta Intersindical sindikatuek abian jarritako kanpaina bateratuaren barruan, Diputatuen Kongresuan (Madril) lan-erreformak eta negoziazio kolektiboa indargabetzea bultzatzeko.

Hiru sindikatuek kalera irtetea erabaki dute, lan-erregulazioko espedienteak eta pandemiaren ostean irits daitezkeen kaleratze kolektiboak saihesteko eta euren herrialdeetan hitzarmenak negoziatzeko eskubidea aldarrikatzeko. "Milaka pertsonaren enplegua eta bizi-baldintzak jokoan daude", esan du Pello Igeregi ELAko negoziazio kolektiboaren eta lan-osasunaren arduradunak Iruñeko manifestazioaren ostean. Igeregik Madrilen duten eragina erabiltzeko eskatu die hemengo indar politikoei, 2010 eta 2012 artean Zapatero eta Rajoyren gobernuek onartutako lan erreformak eta negoziazio kolektiboak bertan behera uzteko. Igeregik azpimarratu duenez, "Krisiaren ondorioz erreformak indargabetzeko unea ez dela esaten digute, hain zuzen ere horregatik indargabetu behar dira lege horiek, bestela sekulako sarraskia izango dugu enpleguan eta lan-baldintzetan".

Bestalde, Saioa Urriza eskualdeko arduradunak azpimarratu du pandemiak agerian utzi duela kalitatezko zerbitzu publikoak izatearen garrantzia, eta hauek indartzeko beharra. Horregatik austeritate-politikak aplikatzari utzi eta Administrazioko langileen lanpostuak defendatu behar direla esan du. Ildo horretan, beharrezkoa da kontsolidazio-prozesuak irekitzea, langile publikoen %40k enplegua kontsolidatzeko.

CIG (Galizia) eta Intersindical (Katalunia) sindikatuekin batera mobilizatzea arazo komun baten ondorio da: lan-erreforma batekin amaitzea, kaleratze kolektiboak egitea ahalbidetzen duena, ia arrazoirik eman gabe, eta gure hitzarmenak gure herrialdeetan negoziatzea eragozten diguna.

Hiru sindikatuek bat egin dute euren lurraldeetako indar subiranistei Madrilen langileen interesak defendatzeko eskatzeko. "Gure kasuan, gaur egun EH-Bilduren eta EAJren botoa behar da Kongresuan legeak aurrera aterako dituzten gehiengoak lortzeko. Horregatik, ez gaitzatela saldu eskatzen diegu: ez akordio hutsengatik, konpromiso zehatzik gabe; ez bide batzuk lurperatzeagatik, ez autobide baten 25 km-rengatik. EAJ eta eh Bilduri dei egiten diegu jendearen lan eta bizi baldintzak lehentasuntzat har ditzaten ".