16. KONGRESUA
ELAk “Langileria antolatu, gizartea eraldatu” lelopean egingo duen 16. Kongresua aurkeztu du Iruñean

ELAk gaur 16. Kongresu konfederalaren berri eman du; deialdia datorren ekainaren 2 eta 3an izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian, eta aukeratu den leloa, ‘Langileria antolatu, gizartea eraldatu’. Goiburu honek berak adierazten du asmoa dela langileria antolatzea eragile aktibo eta eraldatzailea izan dadin, gizarte justuago baterako bidean. Izan ere, ELAk hautatu duen goiburuaren bigarren atala da ‘Más sindicato, más vida’ (‘Sindikatu gehiago, bizi gehiago’). Bide batez, sindikatuak aukera baliatuko du Eibarren izan zen 1976ko III Kongresuan finkatu ziren printzipioak eguneratzeko.
Aurreko kongresuan (2021), ELAk gogotik egin zuen lan ardatz estrategiko batzuk identifikatu eta zehazteko: Prekaritatearen kontrako borroka, militantzia landu eta finkatzea, lantokien sindikalizazioa, sindikatuaren eraldaketa genero-ekitaterantz orientatzeko eta lan planifikatua egituratzea. Lau urteotan sindikatuak aurrerapauso handiak eman ditu, baina oraindik ez da bidearen bukaeraraino iritsi. Beraz, aipatutako ardatz estrategikoak lantzen jarraituko du.
Lakuntza: “Zenbat eta greba gehiago, orduan eta hitzarmen hobeak”
Mitxel Lakuntza da Batzorde Eragilea hautatzeko proposatu den zerrendaren buru; berak dioenez, “ELAk 16. Kongresua egingo du herri honetako sindikatu nagusi izateak ematen dion sendotasun eta kohesioa oinarritzat hartuta; 104.000 afiliatu baino gehiago ditu, besteak beste. ELAk bere nortasuna eta eredu sindikal autonomoa, borrokalaria, areagotu egingo du -jarraitu zuen Lakuntzak-; konfrontazio gaitasuna boterea da; mobilizazioak egiteko eta grebak bultzatzeko boterea. Bada errealitate bat patronalak eta gobernuak ontzat ematen ez dutena, baina aldi berean ezkutatu ezinekoa: greba gehiago egitearen emaitza hitzarmen hobeak izan dira”.
Lan munduan ELAk nabarmendu du langileria inoiz baino aberastasun handiagoa ari dela sortzen eta enpresen etekinak urtez urte hazten ari direla; haatik, lan-errentek aberastasunaren zati gero eta txikiagoa jasotzen dute, eta desberdintasuna zein pobrezia gero eta gehiago hedatzen ari dira. Joera hau geldiarazteko ELAk borrokari eutsiko dio KPIz gaindiko soldata igoerak lortzeko eta lanaldia murrizteko. Nafarroan ia grebarik ez da egiten ELAren partaidetzarik gabe (zahar-etxeak, Hezkuntza, Afede, Comansa...). Nafarroan egin diren greba luze bakarretan ELA izan da protagonista, eta gainera garaile izan da. Moreako HyMn 200 greba egunen buruan % 24,7ko igoera lortu zen; Lekarozko Lozysen, berriz, 100 greba egunen ondoren KPIz gaindiko igoerak eta lanaldi murrizketa iritsi ziren.
Bestalde, aurtengo uztailean 10 urte beteko dira UPN Nafarroako Gobernutik atera zela. Alabaina, ordutik hona auzi ekonomiko eta sozial nagusietan gertatutako aldaketa ez da nahikoa izan. Ez Geroa Baik gidatu zuen koalizioak, ez eta PSNren oraingoak ere, ez diote buruhauste handirik eragin Nafarroako elite ekonomikoei eta enpresa- zein erlijio-lobbyei. Nolanahi den, ELAk proposamenak eta alternatibak plazaratu izan ditu benetako aldaketa gauza dadin zerga-politikan, zerbitzu publikoetan, euskaran edota industri-politikan.
ELA Nafarroan
Kongresu arteko aldi honetan ELAk afiliazioan eta hauteskunde sindikaletan oso emaitza onak izan ditu: Bietan ere hazkunde portzentuala eta garbia handia da, eta horrek sindikatuaren eredua indartzen du.
Oinarritzat 2021eko urria hartuz gero, ELAk lau urteotan inoiz izan dituen daturik onenak lortu ditu: 11.426 afiliatu, hau da, aurreko Kongresuan baino 394 gehiago, eta gainera emakumeek afiliazioan duten pisua puntu bat baino gehiago areagotu da. Hauteskunde sindikaletan ere ELAk gora egin du: % 22,80tik % 22,89raino. Bestalde, 2022ko urrian ELAk lehenengoz 1.500 ordezkari baino gehiago metatu zituen Nafarroan; horrek legez ordezkaritza gehieneko sindikatu bihurtu zuen. Erriberari dagokionez, esan beharra dago ELAk % 23,84ko ordezkaritza duela.
16. Kongresuaren aurkezpenean sindikatuak berretsi du Nafarroako langile-klasearentzat erreferente izaten jarraitu nahi duela, eta esperantza eman nahi diela egoerarik okerrenean dagoen jendeari. Kongresuari proposatuko zaizkion printzipio berrituek hala diote:
“Elkarrekin, sindikatua eginez, oraina eraldatzeko eta etorkizunerako bideak urratzeko gauza izango gara. Euskal Herri burujabe, feminista, euskaldun, sozialista, anitz eta solidarioaren alde lan egitea helburua ez ezik, itxaropenerako arrazoia eta konpromiso zein mobilizazio kolektiborako etengabeko gonbitea ere badugu”.
Batzorde Eragilea. Izenak eta funtzioak
Nazio Batzordeak dagoeneko egin du Kongresuan bozkatuko den pertsona eta funtzioen zerrendaren proposamena. Batzorde Eragilean hiru kide berri sartzea proposatzen da:
- Ane Bilbao Alzelai (Gasteiz, 1993). 2017tik da sindikatuko kide; ELAko zerbitzu juridikoetan hasi zen lanean eta Hezkuntzako arduradun izan da.
- Unai Oñederra Egaña (Donostia, 1973). 2009tik hona Manu Robles-Arangiz Fundazioan dihardu, azken urteetan zuzendari gisa.
- Luis Fernandez Centeno (Iruñea, 1973). 1995ean egin zen ELAko kide; hainbat federaziotako ardurak izan ditu, eta orain Ezkerraldea-Kadagua eskualdeko arduraduna da.
Beraz, Kongresuak onetsiz gero, hau izango da ELAko Batzorde Eragile berria:
- Mitxel Lakuntza Vicario: Idazkari Nagusia
- Amaia Muñoa Capron-Manieux: Idazkari Nagusiaren Albokoa. Nazioartea
- Ane Bilbao Alzelai: Zerbitzu Juridikoak
-Luis Fernández Centeno: Sindikalizazioa, Militantzia, Ekintza konfederalak
. Leire Gallego López de Goikoetxea: Genero berdintasunerako politikak, Ekintza soziala, Migrazio politikak
- Iván Giménez Gil: Komunikazioa
- Pello Igeregi Santamaría: Negoziazio kolektiboa, Lan Osasuna, Euskara
- Alazne Mantxola Mintegi: Diruzaintza
- Aitor Murgia Esteve: Azterketa Bulegoa, Politika sozialak, Ingurumena
- Unai Oñederra Egaña: Prestakuntza, Iparraldea, Estrategia subiranista
- Leire Txakartegi Iramategi: Antolakuntza
- Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña: Afiliazioa, Hauteskunde sindikalak,
Kudeaketa sistema eta Genero Ekitaterako Plana
Kongresuko datuak
Sindikatuaren Estatutuetan jasota dagoen moduan ELAko 736 ordezkariek eztabaidatuko dute Batzorde Eragileak egindako kudeaketa-txostena eta datozen lau urteetako lan sindikalaren lerro nagusiak marraztuko dituen ponentzia. Prozesua oso aberasgarria da, 2.000 militante ari baitira hartan parte hartzen. Hautatutako 736 lagunak eskualde eta lurraldeen ordezkari dira, batetik, eta federazioenak, bestetik (Industria eta Eraikuntza, Zerbitzuak eta Gizalan), betiere eremu bakoitzaren afiliatu kopuruaren baitan. Eskualdeek eta lurraldeek 350 ordezkari izendatu dituzte, eta federazioek beste hainbeste. Kongresuko gainerako 36 ordezkariak Nazio Batzordeko kideak dira. Kongresuko zerrendan 70 lagun Nafarroatik datoz.
736 kongresukideetatik 344 gizonezkoak dira eta 392, emakumeak (% 53,2). Datu honek argi adierazten du ELAren genero berdintasunaren aldeko jarrera. 2008ko kongresuan parte hartu zuten emakumeak % 30,3 izan ziren; 2013an, % 33,4; 2017an, % 42,8, eta 2021ean, % 47,2. Datuok, beste berritasunekin batera, Kongresurako propio sortu den webgunean eskura izango dituzue: www.ela.eus/eu/kongresua