OSASUNBIDEA

Justiziak arrazoia eman dio ELAri eta osasun erakundea zigortu du eraso sexuala jasan zuen langile bat babesgabe uzteagatik

2025/03/19
Langileak Osasunbideko azpikontrata batentzat egiten zuen lan, baina epaiak azpimarratu du sexu-erasoa Nafarroako Ospitaleko instalazioetan gertatu zela, beraz, azken horren ardura dela. Gauzak horrela, Nafarroako Osasun Sailak kalte-ordaina eman behar dio langileari enpresak ez zituelako segurtasun neurriak behar bezala bete (biktimak eta lankideek ez zuten aldagelarik edo bestelako gelarik arropa segurtasunez janzteko). Sindikatuak azpimarratu du sententziak erakusten duela azpikontratetako prekaritatea eta genero-arrakala kontratatzen dituen administrazio publikoaren erantzukizuna direla.

ELAk, Bidelagun Fundazioaren bitartez, Iruñeko Lan Arloko 2. zenbakiko epaitegiaren epaia lortu du. Epai horretan, Osasunbidea eta berak azpikontratatutako enpresa bat kondenatzen dira Nafarroako Ospitalean (2022ko irailean) sexu eraso bat jasan zuen langile bati prestazioetan % 30eko errekargua ordaintzera. Sindikatuak, eta lan arriskuetan espezializatutako fundazioak, nabarmendu dute epai horrek erakusten duela Administrazioa dela azpikontratatutako enpresen neurri faltaren erantzulea. Beste modu batera esanda, justiziak ELAri arrazoia eman dio eta agerian utzi du langileen baldintzen kontura kostua merkatzeko azpikontratatzerakoan sortzen den prekaritatea eta dagoen lan arriskuen aurkako neurrien falta Nafarroako Gobernuaren eta Osasun Departamentuaren erantzukizuna dira.

Gainera, ELAk eta Bidelagun Fundazioak salatu dute azpikontratazio eredu horrek emakumeen muturreko prekaritatea eta arriskuarekiko esposizio handitu egiten duela. Azpikontratazioan genero arrakala agerikoa bada soldatetan, are kezkagarriagoa da segurtasun neurriei dagokienez. Kasu honetan, sexu erasoaren biktimak eta lankideek ez zuten aldagelarik edo bestelako gelarik arropa segurtasunez janzteko.

Gogoan izan behar da langile hau sexu-eraso baten biktima izan zela 2022ko irailaren 1ean Nafarroako Ospitalean egin zuen lanaldiaren amaieran, eta ordutik, ondorio fisikoez gain, biktimak trauma osteko estresaren nahasmendua eta antsietate depresio sintomak dituela. Ebazpen judizialak modu solidarioan kondenatzen ditu langilea enplegatzen zuen enpresa azpikontratatua eta Osasunbidea. Izan ere, ez batak ez besteak ez zuten bete lantokietako gutxieneko segurtasun eta osasun xedapenei buruzko 486/97 Errege Dekretua, ez zegoelako langileentzako aldagelarik, konketarik eta komunik, eta ez zutelako ebaluatu kanpoko indarkeriaren arriskua.

Epaiak azpimarratzen duenez, sexu-erasoa Osasunbidearen instalazioen barruan gertatu zenez, hari dagokio neurriak betetzeko betebeharra, eta ez zuten legezko eskakizunik betetzen.

ELAk eta Bidelagun Fundazioak nabarmendu dute epai honek bidea irekitzen duela etorkizunean erantzukizun zibilagatiko kalte-ordainak eskatzeko, eta, aldi berean, berretsi egin dute genero ikuspegiarekin lan ezbeharren aurka borrokatzeko beharra.