ELAk aurrerapausua baloratzen du, baina ausardia gehiago eskatzen dio Hezkuntza Departamentuari, aste honetarako iragarritako ebazpenak egoera ahulean dauden ikasleen banaketan iragarritakoak baino oreka handiagorantz aurrera egin dezan

2021/05/11
ELAren iritziz, eskandalagarria da hezkuntza-laguntza espezifikoa behar duten ikasleen banaketan dagoen desoreka, egoera sozioekonomiko ahulekoenean barne, eta horregatik iruditzen zaio hobe daitezkeela ikasleak onartzeko ebazpenak iragarritako neurriak

 

Araudi berri hori egiteko prozesua aste honetan bertan amaituko da, orekarik handiena eragiten duten alderdi erabakigarrienak zehazten dituen ebazpena argitaratzen denean. ELAk, helburu hori babesteaz gain, desitxuratu ez dadin eskatzen du beste behin ere.

 

ELAk sare publikoko zein itunpeko ordezkariekin parte hartu du prozesu horretan, eta ezinbestekoak iruditzen zaizkion puntu hauek azpimarratu ditu:

 

  • Ratioen jeitsiera betiko beharra da, pandemiak mundu guztiarentzat agerian utzi duena. Hezkuntza Departamentuak aplikatzen duen ratioen muturreko politika behingoz gainditu, ratioen jaitsiera gauzatu eta denboran mantendu behar da, are gehiago jaiotza-tasaren jaitsierarekin. ELAk sare publiko eta itunduetan dauden 25 ikasleko unitate edo gela bakoitzeko gutxienez 3 plaza (ez 2, iragarri den bezala) erreserbatzearen aldeko apustua egiten du. Hau aurrematrikula eta matrikula egiteko aldian ez ezik (aurreikusten ari diren bezala), baita ikasturte osoan zehar ere, gerora matrikulatutako ikasleei lekua emateko, egoera horietarako hasieratik ratioa % 10 igotzea planteatu beharrean.

 

  • Hiriguneetako zonakatze erradiala serioski aztertu behar da, zailtasunak dituzten ikasleen banaketan ahalik eta orekarik handiena egon dadin, auzoetako ikastetxeetatik erdiguneko ikastetxeetara, oztopo sozio-ekonomikoak gainditzen lagunduko duten bitartekoekin.

 

  • Estatu osoan zalantzan jarri den PAI (ingelesez ikasteko programa) desegitea beharrezkoa izango da berekin dakarren segregazioarekin amaitu nahi badugu, prozesuan parte hartu duten hezkuntzako teknikariek aitortu duten bezala; izan ere, lehen hezkuntzako 3. eta 4. mailetarako ikasleen zati handi batek ez du erritmoa jarraitzen.

 

  • Nafarroa osoan euskararen ofizialtasunak lagunduko luke gizarte-kohesio handiagoa lortzen, eta ez bereizketan, gure hizkuntzaren etsaiek beti adierazi izan duten bezala. Horrek berezko hizkuntza duten gainerako autonomia-erkidegoekin berdinduko gintuzke, eta gaztelaniazko eredua (G) desagertzea ekarriko luke. Ikasleek aukeratuko lukete euskarazko D murgiltze-ereduaren artean (gaztelania arlo bezala), ELA sindikatuarentzat aukerarik onena, edo A ereduaren artean (gaztelania komunikazio-hizkuntza eta euskararen ikaskuntza arlo bezala). Honetaz gain bi eredu hauetan atzerriko hizkuntza bat edo bi ikasiko lukete ikasle guztiek. Horrek gero eta familia gehiagok, baita atzerritik etorritakoak ere, D eredua aukeratzea eragingo luke, edo, are gehiago, eredu batetik bestera hainbeste zailtasunik gabe igarotzea, B ereduak (bi hizkuntzak komunikazio hizkuntza gisa) beti izan duen portzentaia handituz, behar den lekuetan.

  • Administrazio publikoaren lidergoak argia izan behar du, plazak planifikatuz, ikastetxe eta maila guztietan esleituz (ez bakarrik 3 urteko mailan), ahal den baremo bidezkoenean sakonduz, matrikula-bulego telematiko bakarra bermatuz eta hezkuntza-ikuskaritza buru duen batzorde bat bermatuz, justizia eta ekitate handiagoa lortzeko.



 

ELAk uste du prozesu hori ezinbestekoa dela hezkuntza-sistema propioa ezartzeko, Europako herrialdeen batez bestekoaren ahalik eta antzekoena izanik.