ELAk dei egiten die UGTri eta CCOOri Nafarroako landare-kontserben arloko hitzarmen baten alde egitera, estatuko hitzarmenaren aukera egin beharrean

2018/07/09
UGTk eta CCOOek sinaturiko estatu-hitzarmenak debekatzen du Nafarroako hitzarmen bat negoziatzea

 

Landare-kontserben sektoreko lan-baldintzak bereziki prekarioak dira: soldata xumeak, kontratazio partziala eta erabateko prestasuna. Sektore horretan aldizkako kontratu finkoa eta eskubide sozial urriak dira ohiko araua. Gaur egun aplikatzen den lan-hitzarmena estatu-esparrukoa da, UGTk eta CCOOek sinaturikoa, eta 10. eranskinean debekatzen da aparteko hitzarmen bat Nafarroan negoziatzea. Aldi honetan aipaturiko estatu-hitzarmen hori berritzeko negoziazioetan dabiltza.

 

Egiatan negoziazio kolektiboaren estatalizazioa oso albiste txarra da langile nafarrendako. Estatu-hitzarmen guzti-guztiak, salbuespenik gabe, eskasagoak dira, Nafarroako hitzarmenak baino (lanaldi luzeagoak, soldata apalagoak, malgutasun handiagoa...). Negoziazio-formula horrek pobretze-bidean jarri ditu sektoreko langileak, haien soldatak Nafarroako soldaten batez bertzekotik gero eta urrutiago baitaude. Patronala eroso sentitzen da estatu-hitzarmenak negoziatzeko egoera horretan, horrela errazagoa baita lan-baldintzak okertzea. Izan ere, erabakitze-guneak lantokietatik aldentzen diren heinean, aiseago jaitsi daitezke lan-baldintzak.

 

Mahai gainean dauden eskakizun guztiak onartuko balira ere, sektoreko lan-baldintzak nabarmen beherago geratuko lirateke Nafarroako errealitatetik. Hori dela-eta, ekainaren 28ko greba egin zuten langileen itxaropenak bete ahal izateko, behar-beharrezkoa da oraingo estatu-esparrua gainditzea.

 

Horregatik, ELAk, Nafarroako kontserba-sektoreko ordezkaritzaren %22 izanik, landare-kontserben arloko aparteko hitzarmen bat Nafarroarendako negoziatzea eskatzen du; eta dei egiten die Nafarroako UGTri eta CCOOi probintzia-mailako hitzarmena berreskuratzera. Lehenago bageneukan horrelako bat, eta aukera ematen zigun langile nafarroi gure lan-baldintzak erabakitzeko eskubideaz baliatzeko.