ELAk dei egiten du eskubide sozialetan aurrera eginez askatasunak defenditzera eta eskuin muturrari aurre egitera

ELA bat dator eskuin muturraren posizioek eta politikek duten eragina medio langile-klasean dagoen kezkarekin. Oldarraldi honen bidez ideologia neoliberal eta kapitalistak beste urrats bat haratago darama aberastasuna metatzeko eta demokrazia zein eskubide sozialen aldeko proiektu kolektiboak ahultzeko estrategia.
Sindikatuak ohartarazi izan du krisiak eragin larriak izan dituela, eta horrek arrisku bat dakarrela: gero eta jende gehiagok sinestea gobernu gehienek ezarritako politika antisozial eta mozketen alternatiba eskuin muturreko ideietan datzala. Hori dela eta, ELAk kezkaz ikusten du ezker politikoak ez diela behar besteko garrantzirik ematen auzi sozialei eta lan munduko arazoei. Jendartea arrazismoaren, xenofobiaren, matxismoaren, intolerantziaren eta homofobiaren aurka blindatzeko modurik hoberena da politika publikoak errotik aldatu eta ongizatea bermatzea.
Ultraeskuinaren mehatxuak mobilizatzea eta jendartean kezka hedatzea eskatzen du, baina lehenik gogoeta egin behar da guregandik hurbilen dagoen eremutik hasita, politika publikoen kalterako eragina eta ezberdintasunaren gorakada nabarmenak baitira. ELAk gogoratu du ekainean Nafarroako Gobernuak eragotzi egin zuela sinadurak biltzea etxebizitzari eta errenta bermatuari buruzko HEL baten alde.
Gainera, oso kezkagarria da Nafarroako Gobernuak egin duen moduan superabita goraipatzea, noiz eta zerga-bilketa injustua eta inbertsio soziala kaskarra denean. Bestalde, albiste txarra da ere Madrilgo Gobernuarekiko amore eman izana gizarte-gastua gehitu ahal izateko aukera zegoenean.
Horregatik, ELAk beharrezko jotzen du eskuin muturraren aurkako mobilizazioa, eta bihar izango den Askatasunaren aldeko Martxari babesa eman dio (17.30ean, Iruñeko Udaletxeko plazan), baina ohartarazi nahi du mehatxu horri ezin zaiola soilik kalean aurre egin; erakundeetan ere eragin behar da, eta politika publikoak aldatu.