ELAk ez du parte hartuko Sindicato Medicoaren greban; deialdiaren eskakizunak, kalitatezko osasun publikoaren aldekoak izan beharrean, korporazio-interesekoak eta euskararen aurkakoak baitira

2019/02/05
Grebaren dei-egilea izan ez arren, gure sindikatuak Osasunbidearen jokabidea salatzen du, MIRen greba-eskubidea urratzeagatik

ELAk ez du parte hartuko Sindicato Medicoaren greban, korporazio-interesekoak direlako. Greba beharrezko tresna da, eta nafar langileok lan-baldintza hobeak izanen genituzke, Nafarroan greba gehiago eginen balira. Nafarroako medikuak arrangura izateko arrazoiak soberan daude: behin-behinekotasuna, soldata-galerak, pertsonalaren eskasia, oporretan ordezpenik eza... Hala eta guztiz ere, kalitatezko osasun-sistema publiko baten aldarrietan kidego guztien eskaerak hartu behar dira aintzat (medikuak, erizainak, TCAEak, zeladoreak...), eta ez soilik korporazio-interesak. Sindicato Medicoaren eskakizunen artean autokontratazioa, erretiro-adinaren malgutasuna, esklusibitate-osagarria kentzea... daude, ELAk bere egiten ez dituen eskaerak. Osasun-zerbitzua emateko eginkizuna hainbat kategoria eta kidegoren elkarlana da. Eta arretaren kalitatea hobetu nahi bada, kidego osoaren lan-baldintzak hobetu behar dira. Kate osoaren maila bakar bat hobetuz ez dugu lortuko kate sendoagorik. Arazoa ez da medikuena soilik, osasun-zerbitzu osoarena baizik.

Bertzalde, Sindicato Medicoak deitu duen grebaren eskakizunen artean euskara betekizunetatik kentzea dago. ELA eskakizun horren aurka dago goitik behera, eta agerian uzten du grebaren helburua ez dela osasun publikoa sustatzea, baizik eta antzinako erregimena Nafarroako Jauregira lehenbailehen erakartzea. Izan ere, UPNren eta PSNren lehengo legealdian Osasunbideak inoiz ez bezalako murrizketak nozitu behar izan zituen: sukaldeak pribatizatzea, soldata jaistea, birjarpen-tasa mugatzea... Lau urte haietan mobilizazio ugari antolatu ziren murrizketen aurka, baina orduan Sindicato Medicoak ez zuen inoiz parte hartu. Ez omen zuten aski arrazoi ikusi karrikara irteteko; orain, ordea, aiseago egin dute 5 egunerako greba-deia.

ELA, grebaren dei-egilea ez bada ere, MIRen greba-eskubidearen urraketa salatzen du, urtarrilaren 30ean Osasunbideako Zuzendaritzak eragin zuena. ELAk jakin ahal izan duenez, greba-egunean MIR batzuk lanpostuetan geratzera behartu zituzten, Osasunbideako Zuzendaritzak gutxieneko zerbitzuetan zeudela argudiaturik. Horri ihardetsi behar diogu MIRak prestakuntza-aldian dagoen pertsonala direla, eta ez direla hartu behar gutxienezko zerbitzuetan. ELAk bere elkartasuna adierazten die eraginpeko MIRei, eta erantzukizunak eskatzen dizkie greba-eskubidea urratu zutenei.