ELAk langile publikoen soldata igoera eskasa dela salatu du

2019/02/06
Soldata igoera ez dago loturik KPIren erreferentziarekin, eta langile publikoek 30 urte baino gehiago beharko dute azken urteotan galduriko eroste-ahalmena berreskuratzeko. Akordio horrek ontzat ematen du, beraz, PPk, UGTk, CCOOek eta CSIFek 2018ko martxoan sinatu zuten akordioa.

Nafarroako Gobernuak foru-langileen soldata-igoerak %2,25ekoa izango dela iragarri du. ELAk uko egiten dio foru-gobernuaren proposamen horri, PPk, UGTk, CCOOek eta CSIFek 2018ko martxoan egindako akordioa ontzat hartzen duelako. Izan ere, akordio horrek babesa ematen die austeritate-politikei, eta ez du indargabetu sektore publikoan hain ondorio larriak eragin dituzten dekretuetariko bat ere. Oroitu beharrekoa da, halaber, akordioa betetzeko jarri den baldintza: autonomia-erkidegoek defizita, gastu-sabaia eta zor-muga bete behar izatea. Beraz, oinarrizko legeen bidez autogobernua ahultzeko joerari eutsi diote. Gure autonomia haien eskuhartzeen pean dago, eta, berez, deuseztaturik.

Soldata-igoerari dagokionez, Madrilgo akordioa zeharo eskasa da, eta gainera ez dago loturik KPIren erreferentziarekin. Azken aurreikuspenen arabera, 30 urte beharko dira, kasurik onenean, azken urte hautetan Nafarroako administrazio publikoetan.galduriko eroste-ahalmena, %15ekoa, berreskuratzeko. 

ELAk Nafarroako Gobernuari eskatu dio alde batera utzi ditzala austeritate-politikak, eta utzi diezaiola behingoz Madrilen erabakitzen denari men egiteari. Aitzitik, benetako negoziazio-aldi bat ireki beharko luke, azken urteetan galduriko %15eko eroste-ahalmena berreskuratzearren. Orobat, guztiz beharrezkoa dira enplegu-arloko akordioak egitea, sektore publikoko behin-behinekotasunaren tasa %35etik goitikoa baita, sektore pribatukoa baino anitzez handiagoa.

Bertzalde, premiazkoa da sektore publikoko behin-behineko enplegu prekarioarekin bukatzea —milaka langileren behin-behineko egoera egonkortuz eta finkatuz—, eta baita azken urteetan murrizturiko gainerako lan-baldintzak lehengoratzea ere.