ELAk, Mahai Sektorialeko gainontzeko sindikatuekin batera, berriro adierazi dio Hezkuntza Departamentuari biltzeko beharra, LOMLOEren aplikazioak Lanbide Hezikeatko irakasle teknikoengan dituen ondorioak lantzeko

Hezkuntzako Mahai Sektorialeko sindikatuek bilera bat eskatu dugu berriz ere Hezkuntza Departamentuko arduradunekin, Nafarroako Lanbide Heziketako irakasle gehienek bizi duten ziurgabetasun-egoera aztertzeko, Hezkuntzari buruzko Lege berria indarrean sartu ondoren. Lege horretan, Lanbide Heziketako Irakasleen kidegoa desagertzear dagoen kidego bezala jasotzen da.
LOMLOE legea indarrean sartu ondoren, Hezkuntza Ministerioa behartuta dago hura aplikatzeko beharrezko urratsak ematera, baina Lanbide Heziketako profesionalak alde batera ez uztea eskatzen dugu, eskubide guztiak bere horretan mantendu behar baitituzte. Funtzionarioez, interinoez eta eskatutako baldintza guztiak beteta kontratazio zerrendetan dauden irakasleez ari gara. Baita gaur egun joko-arauen aldaketa horren eraginpean dauden irakaskuntzara sartzeko prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa egiten ari direnez ere.
Bestalde, Ministerioa Lanbide Heziketari buruzko neurriak lantzen ari da. Irakasleek ez dituzte ezagutzen neurri horiek, eta autonomia-erkidegoekin eta sindikatuekin negoziatu behar dira.
Duela hilabete batzuk, Hezkuntza Departamentuak Mahai Sektorialeko erakunde sindikalei jakinarazi zien Ministerioak autonomia-erkidegoetako arduradunei dei egingo ziela gai hori aztertzeko. Badakigu harreman horiek gertatu direla, baina ez dakigu Hezkuntza Departamentuak zer planteamendu egin dituen. Horregatik, Departamentuari eskatzen diogu, hitz eman zuen bezala, informazioa eman diezagula jorratutakoari buruz eta Nafarroako Gobernuak gai horretan duen jarrerari buruz. Mahai Sektorialeko sindikatuok funtsezkotzat jotzen dugu Lanbide Heziketako irakasle guztien zalantzak argitzea eta Nafarroako Gobernuak egingo duen proposamenean elkarrekin lan egitea. Era berean, lehentasunezkoa da etorkizuneko Lanbide Heziketaren Legearen edukia ezagutzea, kolektibo horri nahitaez eragingo dioten alderdiak jasoko baititu.
Gure ustez, erantzukizunagatik, Hezkuntza Departamentua gai horiek guztiak lantzen ariko da, eta, eragingo dien irakasleen ordezkari gisa, haien aurreikuspenak eta proposamenak ezagutu behar ditugu, eta Nafarroako Administrazioak Hezkuntza Ministerioaren aurrean defendatuko dituen irizpideen zehaztapenean parte hartu nahi dugu.
Hori guztia dela eta, berriz ere premiazko bilera bat eskatu behar dugu Departamentuko arduradunekin, Nafarroako Lanbide Heziketako irakasleen egoera argitu ahal izateko lehenbailehen.