NAFARROAKO ENPLEGU PLANA

552,7 milioi UGT, CCOO eta CEN finantzatzeko eta politika publikoak pribatizatzeko

2025/02/18
Ordezkaritza sindikalaren % 50ek baino gutxiagok sinatu duten Enplegu Plan berriarekin, PSNk, Geroa Baik eta Contigo Zurekin alderdiak bere egiten dituzte Sanzen eta Barcinaren garaiko langile klasearen aurkako politika antidemokratikoak.

1998tik sei Enplegu Plan onartu dituzte Nafarroako Gobernuak eta CEN, UGT eta CCOO erakundeek. Lehena 1999-2001 urteetarako, bigarrena 2002-2004 aldirako (417,1 milioi euroko aurrekontua), hirugarrena 2005-2007rako (431,6 milioi), laugarrena 2009-2012rako (43,4 milioi euro), bosgarrena 2021etik 2024ra (701,7 milioi euro), eta seigarrena gaur aurkeztutako 552,7 milioi eurokoa.

Plan horiek guztiek elementu komun bat izan dute: diru publikoaren kopuru handiak esleitzea, sinatzerakoan lorpen handiak izango dituztela hitzematea eta, indarraldia amaitutakoan, diagnostiko autokonplazientea eta propagandaz betea egitea.

Planaren helburua sinatzaileak finantzatzea da, Gobernuaren politika antisozialak legitimatzearen truke (erreforma fiskala egiteari uko egitea, AHT bultzatzea, sektore publikoan behin-behinekotasuna iraunaraztea...). Elkarrizketa sozialeko sistema honi esker, patronalak betoa jar diezaioke bere interesei kalte egingo dien akordio orori. Horregatik, ez zaio aurre egiten gero eta langile gehiagok pairatzen duten prekarietateari, kontua ez baita benetako enplegu politika bat bultzatzea, eredu klientelista bat garatzea baizik. Horren erakusgarri da laneko siniestralitate izugarria. Nafarroan, batez beste, pertsona bat hiltzen da bi astean behin lan istripuz. 2025ean 4 hil dira, azkena gaur bertan.

Enplegu Planean Nafarroako Gobernuak ez du inolako konpromiso zehatzik hartzen, ezta sektore publikoaren behin behinekotasuna murrizteko ere, nahiz eta Nafarroako enplegatzaile handiena izan. Nafarroako Gobernuak Osasunbidea enpresa erakunde publiko bihurtu nahi izatea ez da oztopo izan UGTk eta CCOOk Enplegu Plana sinatzeko.

Elkarrizketa soziala eta Nafarroako Enplegu Planak sare opaku bat izan dira, non finantzaketa publikoa trukatzen den bake sozialagatik, eta non azkenean gobernuen politika antisozialak legitimatzen diren. Horregatik guztiagatik, ELAk uste du Enplegu Plan berriarekin PSNk, Geroa Baik eta Contigo Zurekin alderdiek bere egiten dituztela Sanzen eta Barcinaren garaiko langile klasearen aurkako politika antidemokratikoak.