ELAk salatzen du Navarplumak Nafarroako Gobernuaren dirua jasotzen duela langileak mehatxatzen dituen bitartean

2019/02/08
Martikoren filialak, zortzi eguneko greban Lan Ikuskaritzaren ohartarazpen batzuk jaso baditu ere, Sodena eta Lansarearen programa baten onurak jasotzen ditu

ELAk salatzen du Navarplumak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jasotzen duela bere langileak mehatxatzen dituen bitartean. Langileen grebak zortzi egun bete ditu, hitzarmen propio baten alde eta zuzendaritzaren bidegabekeriak geldi daitezen. Martikoren filiala den enpresa honek Lan Ikuskaritzaren ohartarazpen batzuk jaso ditu zortzi egun hauetan, baina aldi berean Sodena eta Lansarearen programa baten onurak jasotzen ditu.

ELAk zera oroitarazi nahi du: joan den urriaren 8an Sodenak eta Nafarroako Enpresarien Konfederazioak (CEN) lankidetza-akordio bat izenpetu zuten, eta horren arabera Enpleguaren Nafar Zerbitzuak parte hartzen du programaren finantzazioan. Navarpluma enpresak diru-laguntza publikoak jasotzen dituenez, zentzuzkoa da eskatzea Nafarroako Gobernuaren esku-hartzea, ELAren ustez. Navarplumako langileek dei egiten dio Nafarroako Gobernuari gatazka honi konponbideren bat bilatzeko. Alde horretatik, ELAk bilera eskatuko dio Ekonomia Garapeneko Departamentuari gatazkaz aritzeko.

Navarpluma Aratzuri-Orkoien industrialdean dago, euren 38 langile ahate-lumak eraldatzen aritzen dira, eta Martikoren partaidetza du. Navarplumako zuzendaritzak langileen soldatak murriztu ditu arian-arian, mota guztietako mehatxuak eta presioen bidez, banan-banan langileen sinadurak bilduz (batez bertzez 400 euro inguruko jaitsierak eginez hilean, eta ordurako langileek bazeramaten 8 urte inolako soldata-igoerarik gabe). Enpresa tailerreko langileen babes gabeziaz probestu da (gehienak atzerriko etorkinak), eta erabateko prekarietate-egoeran dauzka, astelehenetik igandera doazen lanaldiekin, egutegirik gabe, aldez aurretik abisatu gabeko txanda-aldaketak eginez, segurtasun-neurririk eta laneko arroparik gabe, arrazoirik gabeko zehapen eta kaleratzeekin, segurtasun-kameren bidezko kontrolpean, eta abar, eta abar. Salaketa horiek guztiak Lan Ikuskaritzaren ebazpenaren zain daude.

Grebaren helburua enpresa-hitzarmen bat lortzea da, Nafarroako Ehungintzaren Hitzarmena erreferentziatzat hartuz; eta horren bidez Navarplumako langileen baldintzak duintzea. Gatazka hasi zenetik enpresa saiatu da greba-eskubidea urratzen; eta horretarako, Greba Batzordeari enpresan sartzea galarazi dio, grebalariak ordeztu ditu... Jarduera horiek guztiak salatuak izan dira Lan Ikuskaritzan.

Bertzalde, ELAk Navarplumako plantillaren agerraldia eskatuko du Nafarroako Parlamentuko lan-saioan, lan-prekarietatearen aurkako borroka horretan langileek Parlamentuaren sostengua eska dezaten.

Azkenik, Navarplumako langileek nafar herritar guztiak gonbidatzen dituzte heldu den elkarretaratzera etortzera. Iruñako Udaletxeko plazan izanen da otsailaren 15ean, eguerdiko 12etan.