Justiziak ez du UGT zigortu baina sindikatu honek aitortu du Nafarroan diru publikotik jasotzen zuen finantzazioa bukatu dela

2017/10/18
Duela gutxi ezagutu den epai batean Iruñeako Administrazioarekiko Auzietarako 1. Auzitegiak erabaki du ez dagoela arrazoi aski UGT zigortzeko, nafar administrazioak sindikatuarekin sinatutako 1,6 milioiko prestakuntza hitzarmena zela eta. Nabarmendu beharra dago UGTk iskin egin diola justiziari 7/2015 Foru Legeari esker; hau Barcinaren gobernuak PSNren babesarekin eta PP eta I-Eren abstentzioari esker atera zuen aurrera, estatuan prestakuntzari buruz aste batzuk lehenago indarrean sartu zen araudi berria saihesteko asmoz; arau berrien arabera, debekatuta dago diru publikoa zuzenean esleitzea enplegurako prestakuntzara bideratzeko. Hortaz, Justiziak ez du UGT zigortu baina sindikatu honek aitortu du diru publikotik jasotzen zuen finantzazioa bukatu dela. ELAk gogoratu du bere borroka sindikalari esker desagertu direla CEN, UGT eta CCOOekiko prestakuntza hitzarmenak; hauekin 120tik gorako soldatak ordaintzen ziren.

Auzitegiak ELAren salaketa onartu zuen, lege-iruzur zantzuak baitzeuden, baina ondorengo fasean epaileak ez zituen onartu ELAk proposatutako lekukotzak -SNEko ikuskarienak etab.- (hots, iruzurraren frogak), bai, ordea, UGTk eraman zituen lekuko alderdikoiak (bere zuzendaritzaren bi kide). Horrela auzibide inpartziala ezinezko bihurtu zen, hau da, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak UGTrekin (baita CEN eta CCOOekin ere) egin zituen hitzarmenen benetako mamia argitara ateratzea: organizazio horien egitura finantzatzea, soldatak barne.

Nolanahi ere, epaileak frogatutzat jo du zuzeneko hitzarmen horiek (estatuko legeak derrigortzen duen lehiaketa irekirik gabeak) prestakuntzara bideratzen zirela, eta hau erabat galarazita zegoen. Haatik, epaiak ez du UGT zigortzen, prestakuntza ez ezik, beste gai batzuk ere (orientazioa, etab.) jorratzen zirela argudiatuta.

Hain argudio kaskarrarekin, eta ELAren frogak ez direlako onartu, UGTk ez du zigor judizialik jaso, baina “oso kaltetuta” irten da, Nafarroako bere idazkari nagusiak aitortu duenez. “Epai hau azken puntua da” -esan du Jesus Santosek-, hein handian ELAri esker, bere borroka sindikal eta judizialarekin Nafarroako Gobernua behartu egin baitu CEN, UGT eta CCOOekiko prestakuntza hitzarmenak bertan behera uztera (2015ean 11 milioi; 2016an, 5,4, eta 2017an, ia ezer ez). Immigrazio, lan osasun, genero eta beste hitzarmenak alde batera utzi behar dira.

Ez da harritzekoa UGTk bere egiturarako (baita CEN eta CCOOentzako) mozorrotutako finantziazio honen amaiera deitoratzea, baina albistea pozgarria da nafar langile-klasearentzat. Izan ere, aipatutako sindikatuek IFES eta Forem prestakuntza zentroak itxi egin behar izan baitituzte, estalki gisa baliatzen zirenak. Dozenaka langilek jasan dituzte kalte kolateralak; oraindik ere CCOO eta UGTri kalteordainak eta atzeratutako soldatak erreklamatzen ari zaizkie. Ekuazio erraz batek agerian uzten du 120 bat soldata finantzatzen zirela diru publikoz: SNErekiko hitzarmenen amaierak bi urtean UGT eta CCOOen liberatuak erdira murriztea eragin du (prestakuntzako langileak kaleratzeaz gainera). Eta logikoa da Jesus Santos berak finantziazioaren galera penaz ikustea, hitzarmen horietako bati esker (2014ko Enplegua egonkortzeko Plana) osatzen baitzuen Ebroko Konfederazio Hidrografikoko langile liberatu gisa jasotzen zuen nominaz gainera UGTko zuzendaritzan zuen soldata.