Langabeziak gora egin du Nafarroan, batez ere emakumeen artean

Langabeziak gora egiten jarraitzen du, lau hilabetez jarraian gora egin eta gero. Berriz ere, emakumeen kontura egiten du gainera. Emakumeen langabeziak 916 lagunetan gora egin du, eta gizonen artean 172an. Hala, emakume langabezia % 57,9 igo da, eta gizonena, berriz, %43,1. Ez da kasualitatea langabeziaren igoera handiena zerbitzuen sektoretik etortzea, sektore horretan gehiengoa emakumeak baitira. Urtarrileko saldoaren arabera, 898 pertsona gehiago daude langabezian zerbitzuen sektorean eta 163 industrian. 2020ko urtarrilarekin alderatuta, 7.853 langabe gehiago daude Nafarroan, hau da, % 23,2 gehiago.
Urtarrilean egindako kontratuek aurreko hilabeteetako ezaugarri berberak izaten jarraitzen dute: prekarioak eta aldi baterakoak. 24.271 kontratu egin dira, eta horietatik % 93,5 aldi baterakoak izan dira. Gainera, egindako kontratu kopurua nabarmen murriztu da azken urtean, kontratazioa % 26,7 murriztu da eta kontratu mugagabeak % 36 baino gehiago jaitsi dira.
Langabeziagatiko babes-sistemari dagokionez, langabezian inskribatutako pertsonen % 57k ez du langabezia-prestaziorik jaso abenduan (23.795). Eta soilik % 24,8k kobratu du kotizaziopeko langabezia-prestazioa.
Datu horien eta hainbat enpresatan kaleratzeak iragartzen dituzten azken berrien aurrean, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak eta gainerako erakundeek euren erantzukizuna beren gain hartzea. Enplegua bermatzeko, ezinbestekoa da lan-baldintza duinen alde egitea eta ezinbesteko sektoreak edo enpresa estrategikoak publiko egitearen alde egitea.