Maiatzaren Lehenean, ELAk kritikatu du UPN Gobernutik atera zenetik 6 urte pasatakoan Nafarroak fiskalitate berarekin jarraitzea

Ehunka lagunek parte hartu dute Iruñeako manifestazioan "Aldaketa garaia da" lelopean, Gurutze plazatik abiatuta. Manifestazioa Merindadesetik igaro denean, garbiketa sektoreko langileen kontzentrazio batekin topo egin du, eta Nafarroako egoitzen hitzarmen baten alde borrokan ari diren langileen beste kontzentrazio batekin, Nafarroa Beherea eta Paulino Caballero arteko bidegurutzean, bi elkarreetaratzeetan zeuden langileak manifestaziora batuz. Mobilizazioan enplegu-erregulazioko espedientearen aurka greban dauden H&Mko langileen pankarta bat eta Vianako Defontaine Ibericaren deslokalizazioaren aurkako beste bat ere izan dira.
Azken ekitaldia Nafarroako Parlamentuaren aurrean egin da, garbiketa sektoreko ordezkari batek, sektore soziosanitarioko beste batek eta Imanol Pascual Nafarroako ELAko Koordinatzailearen parte hartzearekin. Pascualek hitzetan, milioika pertsonen osasuna eta bizi-baldintzak mehatxatzen dituen osasun-krisi baten erdian (bereziki, emakumeak) aldaketa garaia dela aldarrikatzen dugu, gero eta handiagoak diren desberdintasun sozialei aurre egiteko.
Hala ere, ez dirudi hartu den norabidea hori denik. Enpleguaren egoera kezkagarriari Europako funtsek dakartzaten murrizketak gehitu behar zaizkio. Ildo horretan, kritikatu du erabat inkoherentea dela funts horiek ahalbidetzea, Izquierda-Ezkerrak eta EH Bilduk aste honetan Lege Dekretua baliozkotzearekin egin duten bezala, eta, aldi berean, haien murrizketa baldintzak kritikatzea.
Bestalde, lan erreformak bertan behera uztea eskatu du, mozkinak dituzten enpresak (Gamesa, MTorres, Defontaine eta H&M bezala) Nafarroan kaleratzeak planteatzen ari baitira. Zentzu horretan elkarrizketa sozialak ez dituela lan erreformak indargabetuko argi utzi du, patronalari beto ahalmena ematen diolako.
Krisiari beste irtenbide bat emateko erreforma fiskala beharrezkoa dela esan du Pascualek. Nafarroan dugun zerga-sistemak ez du behar adina biltzen, bidegabea da eta errenta altuei eta kapital-errentei iruzur fiskala egitea ahalbidetzen du. Aldatzeko garaia da, sei urte igaro dira UPN Nafarroako Jauregitik atera genuenetik, eta, hala ere, orduko fiskalitatea daukagu. PSNk, Geroa Baik eta Podemosek osatzen duten Nafarroako Gobernuak, bere akordio programatikoan aurrerakoitzat jotzen denak, ez du inolako urratsik egin Nafarroako zerga bidegabea iraultzeko, alderantziz baizik, neurri fiskal bakarra Enpresen Ondarearen gaineko zerga kentzea izan baita. Horregatik, erakundeetan gure aldarrikapenak defendatuko dituen ezkerra behar dugu.
Aldaketa garaia da, baina badakigu aldaketa horiek bakarrik posible izango direla kalean eta lantokietan presioa egiten jarraitzen badugu. Eta horixe egiten saiatzen ari da ELA zainketa-grebetan, Defontaine Iberican, H&Mn, enplegu publikoa finkatzearen alde, edo martxoaren 25ean lan-erreformak indargabetzeko eskatu genuen mobilizazioan.