Nafarroako haur-eskola publikoak: tratu txar sistematikoak

Ohar berean, hartuko diren prebentzio-neurriak zehazten dira: kontaktuak mugatzea, ikastetxeko higienea, garbitasuna eta aireztapena zorroztea, baina garrantzitsuena ahaztuz: hezitzaileen eta ikasleen arteko ratioa. Ratioa jaistea langileen aldarrikapen historikoa izan da 28/2007 Foru Dekretuan adin-tarte bakoitzerako gehiegizko ratioak onartu zirenetik. Harrigarria da segurtasun-distantziari eustea, adibidez, 2 eta 3 urte bitarteko hezitzaile bat 16 haurrekin egon behar denean.
Ziklo honetako langileek osatutako Nafarroako 0-3 Plataformak hainbat aldiz interpelatu ditu Hezkuntza Saila eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, elkarlanean aritzeko asmoz, eta lan-taldeak sortzea proposatu die, lanera itzultzeko balizko segurtasun-neurriak zehazteko. Baina uneoro entzungor egin dute, haur-hezkuntzako lehen zikloa Hezkuntza Sailarena ez dela argudiatuz. Harrigarria da, beraz, sailak 22tik aurrera eskolak irekitzeko agindu duen betebeharra. Zertan geratuko gara?
Alarma-egoeran, langileen egoera askotarikoa izan da: ERTEetan, telelanean edo kontratua etenda egon dira. 0-3 zikloak Nafarroan duen egoera bezain anitza eta kaotikoa, Hezkuntzatik ez baitago kudeatuta eta araututa. Egoera hori iraganetik dator, haur-eskolek laguntza-zerbitzu hutsak eskaintzen zituztenean.
Hezitzaileak kaltetuenak badira ere, are gehiago haurrak. Izan ere, gehiegizko ratioekin, langileek murriztu egiten dituzte hezkuntza-proiektuak gauzatzeko aukerak. Haurrei eboluzio-etapa garrantzitsuenean erabat garatzeko aukera kenduz.
Bai, azkenean kasu egin zaio 0-3 Plataformaren aldarrikapenari, lantokietara itzultzeko beharrari. Baina modu azkar eta kaotikoan, familia-kontziliazioa soilik bilatuz eta langileak kontuan hartu gabe, ezta ireki aurretik eskoletan egin behar diren lanak ere, Covid-19k itxi eta 3 hilabetera. Noiz arte tratu txarrak profesionalei eta ikasleei?