Ostalaritza sektoreko soldatak jaisteko Nafarroako akordioak ez ditu bermatzen ez enplegua ez baldintzak

2021/01/25
ELAk sektorearentzako laguntzak enpresen benetako beharrekin lotuta egotea eta langileengana ere iristea eskatzen du. Nafarroako Gobernuak 10 milioi euro gehiagoko laguntzak iragarri eta aldi berean 2021eko soldata-igoera ez aplikatzea adostu dute patronalak, UGTk eta CCOOk.

Bistan da Ostalaritza sektorearen egoera oso zaila dela, eta horren inguruko jende anitz gaizki dabilela. Baina horien artean sektorean lan egiten dutenak ere daude, eta haietako anitz ERTE osokoetan edo partzialetan daude martxoaren erdialdetik.

Nafarroako Gobernuak, sektorearen aldeko laguntzetan, 10 milioi euro gehiago inbertituko duela iragarri du; eta aldi berean 2021eko soldata-igoera ez aplikatzea adostu dute patronalak, UGTk eta CCOOk. (Hitzarmen kolektiboan, 2021. urterako, %2ko igoera zegoen aurreikusita).

ELAk zeharo gaitzetsi du proposamen hori, arazoaren muina ez direlako soldatak, eta soldatak jaisteak dakarren zigor bikoitz horrek arazoa haregaotuko duelako. Hona hemen gure arrazoiak:

  • Enpresek ezinbertzeko ERTEei atxikitzeko aukera izan dute, ia-ia 0 kostuan, eta pandemiaren hasieratik beretik.
  • Enpresek ERTE horietan langileak sartu eta atera ahal izan dituzte malgutasun osoz (eta legezko kontrolik gabe); hori dela-eta, langileek lan egin dute enpresen nahierara.
  • Soldaten jaitsierarekin batera, enpresek ez dute inolako konpromisorik hartu, hitzarmenetik jaitsi eta soldatak jaitsi ahal izango dituzte, akordio horretatik harago joan nahi izanez gero. Enplegua bermatzen duen neurririk ere ez dago.

ERTEetako laguntzen trukean enpleguari eusteko 6 hilabeteko bermea egon arren, ostalaritzan jendea kaleratzen ari da. UGTk eta CCOOk estatuko elkarrizketa sozialaren esparruan amore eman dute hainbat arlotan, eta onarpen horiek ere lagundu dute horretan. ELAk, ordea, gai horren gaineko kontrol zehatza eskatu behar du.

Nafarroako Gobernuak 20 milioi euroko laguntzak onetsi ditu, eta 10 milioiko partida gehigarria iragarri du. Sektorearendako diru-laguntza horiek, hala ere, ez diete on eginen langileei.

Diru-laguntzak jasotzeko baldintza bakarra jardueran jarraitzea da, bederen, 2021eko maiatzera arte; baina ez zaie eskatu enpleguari edo lan-baldintzei eustea. Erreskatearen xedea enpresak dira, ez langileak.

Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak enpresen lehengo fakturazioari lotu zaizkio, enpresen benetako beharrei lotu beharrean. Enpresa handiek jaso dituzte laguntzarik handienak, haien beharra izan ala ez izan.

ERTEan dauden langileek %30 gutxiago jasotzen dute, ohiko ordainsaria baino, denbora horretan, kasurik onenean (Ardurapeko seme-alabarik ez duten pertsonen langabeziaren estaldura urtean 13177 euro gordinekoa da gehienez, eta sektoreko oinarrizko soldata, plusik gabe, 19498 eurokoa da urtean). Horretarako ez dago diru-partidarik, ezta laguntzarik ere. Eta arazo hori larriagotu egiten da iruzurrezko kasuetan (kontratazioan, kotizazioan eta/edo ordainsarian). Tamalez iruzur hori ohikoagoa da, XXI. mendeko Nafarroan arrazoizkoa izan beharko litzatekeena baino.

Soldatak izozteko patronalaren proposamenak ez dakar berekin enpleguari eusteko inolako konpromisorik. Langileak kaleratzen uzteko eskatu zuten lehenak izan ziren, eta orain sindikatuoi langileen dirua eskatzera datozkigu.

Bitartean ELAk neurriak hartzeko eskatu du, enpresek pandemiaren ondoren jardunean jarraitzea izan dezaten; baina enpresekin batera, horietan lan egiten dutenei ere laguntzeko eskatu du: ERTEak osatuz, gutxienez LGSren pareko errenta bermatuz, eta legea eta hitzarmen kolektiboa betetzearen gaineko kontrola hobetzeko mekanismoak enpresetan ezarriz.

Ostalaritzaren sektorean arazo asko daude, baina 2021eko soldata-igoera ez da horietako bat. Gainera, arazoak eta kezkak ez dira soil-soilik enpresarienak.