Tafallako Fagor Ederlanek langileen soldata %13 jaitsi nahi duela salatu du ELAk

2020/06/05
ELAk premiazko bilera eskatu du enpresako zuzendaritzarekin, jaitsieraren zergatia argitzeko eta adostutako irtenbide bat eskatzeko. Sindikatuak salatu du Fagorrek egindako murrizketak ez datozela bat Mondragon Korporazioak helarazi nahi duen gizarte-kooperatibaren filosofiarekin.

ELAk, Ederlan Tafalla Fagor enpresako enpresa-batzordean gehiengoa duenak, enpresak egindako planteamenduaren edukia eta jarduteko moduak salatu ditu, maiatzeko nominatik aurrera soldata% 13 murriztu delako.

Tafallako lantegiko plantillaren osaera aipagarria dela uste du sindikatiak.Izan ere, gaur egun 500 kooperatibista inguruk egiten dute lan, eta 230 pertsona inguru besteren kontura; horietatik %10ek baino gutxiagok kontratu finkoa dute. 200 langile inguru behin-behinekoak dira. “Hori eta ez dator bat Mondragon Korporazioak helarazi nahi duen gizarte-kooperatibaren filosofiarekin”, diote.

Azaldu dutenez, Fagor Ederlan Tafallak orain inposatu duen soldata murrizketak jarraipena ematen die Mondragon Korporazioak 2008az geroztik egiten dituen atzeranzko neurriei eta eskubideen galerari.

ELAk, gainera, zalantzan jarri du kooperatibak egindako planteamenduaren balio juridikoa, langile guztiei aplikatu baitzaie, kooperatibistei zein besteren konturako langileei (finkoak eta behin-behinekoak).

Gehitu dutenez, enpresak alde bakarretik ezarri nahi du neurria, aldez aurretik negoziatu gabe, erabaki hori bermatzen duen kontabilitate-dokumentaziorik aurkeztu gabe, hau da, legeak eskatzen dituen baldintza guztiak bete gabe”.

 “Badakigu enpresa une zailean dagoela, Euskal Herriko beste enpresa asko bezala. Hori dela eta, ERTE bat adostu zen ekoizpen-arrazoiengatik. Hala ere, enpresak aipatutako erabakia hartzen du ekoizpenaren bilakaera edo krisi honen ondorioak ikusi arte itxaron gabe”, gaineratu dute.

Gauzak horrela, ELAk zuzendaritzarekin bilera bat egitea eskatu dio Fagor Ederlani, enpresaren egoeraz hitz egiteko eta irtenbide bat adostu ahal izateko, erabakia alde bakarretik hartzea baztertuz. Aldi berean, ez du baztertzen bide juridikoa jorratzea, enpresak bere erabakia atzera botatzeko helburuarekin.