Zaintza-sistema publiko baten aldeko borrokak aurrera jarraitzen du ELAk deitutako grebaren bigarren egunean

Nafarroako Gobernuak ezarritako zerbitzu minimoak gehiegizkoak izan arren, grebara deitutako sektoreetako langile gehienei greba egiteko eskubidea galarazi dietelako, ehunka langile eta herritarrek parte hartu dute gaurko Iruñeko manifestazioan. Zaintza profesionalizatuen sektoreetan egindako bigarren greba egunean zaintza publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izatea eskatu da.
Toti Ciarrak, La Vaguada egoitzako ordezkariak, Nafarroako Gobernuak duen zuzeneko erantzunkizunaz hitz egin du, negozioan eta ez pertsonengan oinarritzen den egungo eredua berehala aldatzeko eskatzeko. Eredu horrek diru publikoa du euskarri, eta ez die bermatzen bizi-baldintza duinik ez langileei ez erabiltzaileei. Eredu horretan, publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren gezur handiak guztiz eskasak diren plantillak ezartzen ditu, hilean 1.000 euro gordinetik beherako soldatak eta urtean 1.800 lanordu. Ratioek 7 minutu ematen dituzte erabiltzaile bakoitzari arreta emateko, eta egunean pixoihal kopuru maximo bat erabiltzaile bakoitzarentzat, bere premiak edozein direla ere. Elikagai merkeenak erabiltzen dira, eta fisioterapia edo psikologia zerbitzuak kentzen dira.
Izai Bujandak, Zerbitzu Publikoen Federazioko arduradunak, nabarmendu du beharrezkoa dela Nafarroan adinekoentzako egoitzetarako eta eguneko zentroetarako hitzarmena lortzea. Ezinezkoa da zaintzak duintzea langileak prekarizatzen dituen Estatuko hitzarmen bat aplikatzen den bitartean.
Imanol Pascual Nafarroako ELAko koordinatzaileak berretsi du egungo zaintza-ereduak huts egin duela, berehala aldatu behar dela, eta irtenbidea pertsonak erdigunean jarriko dituen eredu publikoa dela.
Bigarren greba egun honekin zaintza eredu publiko, duin, unibertsal eta doakorako bidea irekitzen ari da. Bide horretan, lehenago edo geroago, gainerako sindikatuek bat egingo dute. Hori dela eta, ELAk mobilizatzen jarraituko du, beste inork ez dadin hil edo gaixotu sistema anker honen ondorioz.