Europar Parlamentuak muzin egiten dio europar gizartearen gehiengoari

2015/07/09
Europa guztiko ehunka organizazio eta talde sozialen ahotsari muzin eginez, Europar Parlamentuak (EP) atzo argi berdea eman zien AEB eta EB artean taxutzen ari diren Merkataritzako eta Inbertsiorako hitzarmen Transatlantikoaren negoziazioei, baita bere punturik polemikoenari ere, ISDS edo inbertitzaile eta estatuen arteko gatazkak bideratzeko mekanismoari.

 

EPko talde nagusiek (popular eta sozialdemokratak), liberalekin eta beste talde txiki batzuekin batera, ebazpenaren eta ganberako lehendakari den Martin Schultzen erdibideko zuzenketaren alde egin zuten; Schultzen testuak mantendu egiten du ISDSaren bidez multinazionalei gobernuekiko ematen dien pribilegioa.

Zuzenketaren xedea izan da sinetsaraztea multinazionalen aldeko auzitegi pribatuen sistema, ISDS, aldatu egingo dela, eragin dituen kritikak isilarazi nahian. Izan ere, ISDS da TTIParen negoziazioan kezka eta kritikarik handien piztu dituen puntua.

ISDSaren inguruko kontsulta publiko batean erantzunen %97 aurkakoa izan zen. Horrela izan du kontutan Parlamentuak europar gizartearen borondatea. Kontsultako milaka erantzunei kontinente guztian zehar bildutako 2,3 milioi sinadura gehituz gero, agerikoa da ondorioa: Europar Parlamentuak atzo kale egin zuen europar gizartearen sentipena aintzat hartzerakoan.