ELAk Gipuzkoako Ostatuen Hitzarmena aplikatzea lortu du
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEJAN) ebatzi du Tres Mares enpresak kudeatzen duen Zestoako Bainuetxeko langileei Gipuzkoako Ostatuen Hitzarmena aplikatu behar zaiela. Horrela, ELAren eskaera onartu eta sindikatuari arrazoia eman dio.
Ebazpenak hobekuntza nabarmenak ekarriko ditu langileen lan baldintzetan: besteak beste, % 50erainoko soldata igoerak eta urteko lanaldiaren 21 orduko murrizketa. Logeletako garbitzaileen kasuan, murrizketa 35 ordukoa izango da.
ELAk auzitara eraman zuen kasua, enpresak ez zuelako sektoreko hitzarmena aplikatzea onartzen. Lehen auzialdian demanda atzera bota ondoren, sindikatuak helegitea aurkeztu zuen, eta EAEJANek orain haren eskaera onartu du.
Epaia oraindik ez da irmoa, eta Auzitegi Gorenean errekurritu daiteke. Hala ere, ELAk pozik hartu du ebazpena, eta langileei sindikatura gerturatzeko deia egin die, hitzarmenaren aplikazioaren ondoriozko soldata-aldeak aztertu ahal izateko.