ELAk greba mugagabea deituko du Zarauzko Kiroldegian, enpresak negoziazioan urratsik egiten ez badu

ELAk salatu du kiroldegiko langileen baldintzak etengabe okertzen ari direla. Gauzak horrela, aurrekoari jarraipena emango dion eta ohiko lanaldietara itzuliko den hitzarmen bat aldarrikatu dute.
Zarautzen kirol-jardueren kudeaketaren esleipendun den BPXPORT XXI enpresarekin Kiroldegiaren Hitzarmenaren negoziazioa 2020ko abenduan hasi zen. Abuztuan, akordioa ixteko zorian zegoenean, 2021ean soldatak izoztea proposatu zuen enpresak. Gainera, enpresak eta Zarauzko Udalak hartutako erabakien ondorioz, langileen erdiei lanaldi-murrizketa jakinarazi zitzaien; kasu batzuetan, % 50era artekoa.
Zarauzko Kiroldegiko 20 langileetatik gehienek lanaldi partzialak dituzte eta langabezian geratzen dira udako hilabeteetan. Lanaldiak are gehiago murrizteak eta enpresak soldatak izozteak erabateko prekaritatera kondenatuko lituzke.