ELAk Orioko lan-istripu hilgarria salatzeko bilkurara dei egiten du

Ohar honen bidez “Berriz Ave Maria” itsasontziko arrantzalearen lan-istripua salatu nahi dugu. Langilea (G.A.E., 55 urtekoa) sareen artean korapilatuta geratu zen, eta itsasoan ito zen Kantabria parean.
Lehenengo eta behin, gure laguntza eta elkartasuna eskaini nahi dizkiegu arrantzale zenaren senide eta lankideei. Ildo beretik, istripua xehetasunez ikertzeko eskatzen dugu, zergatiak argitze aldera. Gainera, gure sumindura agertzen dugu azkenaldian ezbeharrak ugaldu izanagatik. Aurten, lanbide-gaixotasunengatik hildakoak kontuan hartu barik, gutxienez 20 pertsona hil dira lanpostuetan Hego Euskal Herrian, haietatik 3 Gipuzkoan. Halaber, lan-istripuen guztizko zenbatekoa ere hazi da.
Eta hori ez da halabeharrez gertatzen, egitura-arrazoiak daude, lan-harremanetan indarrean dagoen ereduaren ondorio zuzena da. Eredu horren arabera enpresarien etekinak lehenesten dira, langileen segurtasun eta osasunaren aurretik. Ekonomia-krisiaren aitzakiapean egindako erreformak eta murrizketak bete-betean aplikatzen dira Euskal Herrian, eta langileen lan-prekarietatea areagotu da. Lanaldi amaigabeak, lan-erritmo jasangaitzak, lan-osasunean inbertsiorik ez, segurtasun-neurririk ez, neurri gabeko azpikontratazioa, behin-behinekotasuna eta partzialtasuna kontratazioan... horiek guztiak prekarietatearen alderdiak dira, edonondik ugaltzen direnak, eta lan-ezbeharren hazkundean eragin zuzena dutenak.
Horregatik, guk ukatzen dugu zenbait esparrutatik plazaratzen den arrazoia: lan-ezbehar gehiago dago, ekonomia-jarduera indarberritu delako (langileok sumatu ez duguna). Patronala are gehiago esatera ere ausartu da, eta ekonomia-jarduera onbideratzen den heinean, lan-ezbeharren hazkundea onartu beharrez egongo garela adierazi dute.
Lan-harremanetan beste eredu bat ezarri bitartean, non langile jendearentzat lan-baldintza duinak eta segurtasunezkoak bermatuko diren, lehen aipaturiko lan-prekarietatearen alderdiak mugatzeko neurri eraginkorrak berehala hartzeko eskatzen dugu. Eta horrekin batera, segurtasun eta osasunaren arloan egiten diren ez-betetzeak hobeki kontrolatu behar dira. Ildo horretatik salatu behar ditugu lan-segurtasun eta osasuneko erakundeen jardunak eta baliabideak izugarri murriztu direla azken urteotan.
Azkenik, ELAk berresten du bere konpromisoa Euskal Herriko langileen eskubideen alde. Antolamendua eta gizarte-mobilizazioa izango dira gure oinarrizko tresnak langileen eskakizunak eta borrokak aurrera eramateko.
Horregatik dei egiten dugu protesta-elkarretaratzean parte hartzera. ELAk ―LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuekin batera― antolatu du bilkura hori maiatzaren 11rako, 12:00etan, Orioko Herriko Plazan.