Hargoi (Zarauzko udal hilerria)

ELAk 4 langileen berehalako subrogazioa exijitzen du

2026/05/15
ELA sindikatuak Zarauzko udal hilerriko 4 langileak pairatzen ari diren babesgabetasun egoera salatzen du, zerbitzuaren enpresa esleipenduna aldatu ondoren.

Landarri enpresarekiko kontratua amaitu ondoren, Hargoi enpresa esleipendun berriak uko egin dio egungo lantaldea subrogatzeari. ELAk gogorarazi du subrogazioa ez dela aukera bat, betebeharra eta langileen eskubidea baizik; izan ere, langile horien lan-egonkortasuna bermatu behar da, lehenago ere subrogatuak izan baitira eta udalerriarentzat funtsezkoa den lana egiten baitute.

Egungo egoera ziurgabetasun erabatekoa da langileentzat: Hargoik bere erantzukizunari ihes egiten dio hitzarmenak subrogazioa behartzen ez duela esanez; Landarrik ez du lantaldea kalte-ordaindu, enpresa berriarekin lanean jarraitu behar dutela iritzita; eta Zarauzko Udalak enpresa berria subrogazioa betetzera behartu behar du, 4 langile horiek beren lanpostuetan eskubide guztiak osorik dituztela jarraituko dutela bermatzeko.

ELAtik ez dugu onartuko enpresa-gatazka 4 langileren kaleratzearekin amaitzerik eta bide judizialera joko dugu langileen lan eskubideak berma daitezen. 

ELAk berehalako erantzukizun politiko eta teknikoa bere gain hartzeko eskatzen dio Udalari. Zarauzko Udalari berehala esku hartzeko eta Hargoi enpresa subrogazio-eskubidea betetzera behartzeko exijitzen diogu, 4 langile horiek beren lanpostuetan eskubide guztiak osorik dituztela jarraituko dutela bermatzeko.