SIDENOR (AZKOITIA)

Elkarretaratzea aldi baterako lan erregulazio espedientearen kontra

2024/05/16
Maiatzaren 17an Sidenorreko langileek elkarretaratzea egingo dute 19:00etan Azkoitiko plazan, aldi baterako lan erregulazio espedientearen kontra

Gogora dezagun CCOO, UGT eta USO sindikatuek eta zuzendaritzak adostu zutela aldi baterako lan erregulazio espediente (ABLE) bat ezartzea Reinosako (Kantabria) eta Azkoitiko lantokietan; helburua, Azkoitiko lantokian ELA eta LABen gehiengoa boikoteatzea zen. Espedienteak 320 zuzeneko langileei eragiten die, baita azpikontratatutakoei ere. Gainera, erabakia neurrigabea da: Sidenorrek 23 milioi euroko irabaziak izan zituen 2022an, eta lan karga badu.

Dagoeneko ABLEak eragina du azpikontratatutako langileengan: Limpiezas Rosi zerbitzuko hiru langile kaleratu dituzte, 20 urtez bertan jardundakoak. ELAk ez ditu kaleratze horiek onartuko.

Gainera, hitzarmen berria negoziatzeko unea iritsi da Azkoitiko lantokian. Azken hamarkadan langileek erosahalmena %10 galdu dute eta 90 langile gutxiago daude, 2022. urtera arte Sidenorreko zuzendaritzak eta CCOO, UGT eta USO sindikatuek bultzatutako akordioen ondorioz.