Glual Energy enpresako lan istripu hilgarria salatu dute Azpeitian

2017/08/29
ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta EHNE sindikatuek elkarretaratzea egin dute Glual Energy enpresaren aurrean azken lan istripu hilgarria salatzeko. Glual Energyko zein Glual Hidraulicseko langileek bi orduko lanuztea egingo dute, eta Glual Taldeko Azpeitiko Burni enpresan, ordubetekoa. Hildakoa 50 urteko gizonezkoa zen. Bertaratutako sindikatuek langileek bizi duten prekarietatea gogor salatu dute, langileak lanean hiltzea kapitalismoaren adierazpen gordinenetako bat dela salatu ere. Sindikatuek adierazi dutenez, kapitala bizitzaren gainetik jartzearen ondorioa dira lan heriotzak, izeberg-aren punta baino ez.

Komunikatuta

Uztailaren 3an langile bat heriotza salatu behar izan genuen. Abuztuaren 25ean prekarietateak beste langile bat utzi digu Azpeitian. Lerro hauen bidez, lehendabizi elkartasuna adierazi nahi diogu familia, lagun eta lankideei. Ez dira bi hilabete igaro bi berri latz hauek kolpatu gaituztenetik. Eta tarte honetan, zoritxarrez, beste hainbat dira Euskal Herrian hil diren langileak.

Karrantzan, Durangon nahiz beste zenbait txokotan 8 langilek galdu baitute bizitza 8 aste hauetan. Asteko langile bat.

2017. urtean 8 pertsonek galdu dute bizitza lanean edo lanera bidean zirela gure eskualdean. Hego Euskal Herrian berriz, 42 izan dira lan istripuetan hil diren herritarrak.

Datuek nabarmen adierazten duten gisan, heriotza hauek ez dira zoriaren ondorio. Ez dira kasualitatea. Egiturazkoa den arazo baten aurrean gaude. Prekarietatea izena duen arazo baten aurrean gaude. Etenik gabeko irabaziak bilatzen dituztenek prekarietate egoera latzak ezarri dituzte langileen bizkar: lanaldi luzeak, presioak, baldintzetan etengabeko murrizketak, mehatxuak eta kaleratzeak.

Langileak lanean hiltzea kapitalismoaren adierazpen gordinenetako bat da. Kapitala bizitzaren gainetik jartzearen ondorioa hain zuzen ere. Izeberg-aren puntan ditugu heriotza hauek.

Nahikoa da. Jasanezina da egungo errealitatea. Herritarrok duintasunez bizitzeko lan egin nahi dugu, ez inoren menpeko lanetan hiltzeko. Ezin dugu hurrengo heriotzaren zain egon. Irabaziak lehenesteari utzi eta lan segurtasunean, lan baldintza egokiak bermatzeari ekin behar diote enpresariek. Eta guk hori exigitzen jarraitu behar dugu. Bizi dugun egoera jasangaitz hau irauli beharra dago.